Aisialdi ereduaren hausnarketarekin hasiko dira Azpeitiko Gazte Mugimenduaren topaketak, zapatuan

Uztarria.eus 2016ko aza. 9a, 11:35
Topaketen antolatzaileak.

Kirolaz, festez, eta, oro har, aisialdiaz arituko dira 11:00etan hasita, Gaztetxean. 

Azpeitiko Ernaik herriko beste gazte mugimenduko eragile batzuekin elkarlanean antolatutako topaketak datorren zapatuan, hilak 12, hasiko dira. Jardunaldietan zehar lau lan-ildo jorratuko dituzte abenduaren 3a bitartean: aisialdi eredua, feminismoa, etxebizitza eta hezkuntza. Aurrenekoa, zapatuan landuko dutena, aisialdi eredua izango da. 

Hiru gai izango dituzte hizpide larunbatean: kirola, festak eta aisialdiko bestelako ohiturak. Horien inguruan hitz egiteko Azpeitiko gazte mugimenduko hainbat eragilek hartuko dute parte topaketetan, tartean, HaujijiJAI, XJ Auzolanean eta Gaztetxea. Kirolari dagokionez, Jarduera Fisikoen eta Kirolen Hausnarketa diagnosia landuko dute.

Ernaiko kideek topaketen aurkezpenean azaldu zutenez, topaketen helburua da alternatiben eraikuntzan pausoak ematea eta horien inguruan eztabaidatzea: "Bizitzako esparru ezberdinak birpentsatu eta alternatiben eraikuntzan pausoak ematea garrantzitsua dela uste dugu. Horregatik, horien inguruan eztabaidatzeko topaketa batzuk antolatu ditugu". Hala, Azpeitiko Ernaiko kideek "alternatibak eraiki nahi dituzten gazteak" animatu nahi dituzte topaketetan parte hartzera.

Saio ezberdinak, gaien arabera

Lau jardunalditan banatu dituzte topaketak, landuko dituzten gaien arabera. Honakoak izango dira datozen asteetan jorratuko dituzten gaiak eta hausnarketetan parte hartuko duten eragileak:

  • Azaroak 22: Feminismoa, 18:00etan, Sindikatu Zaharrean. 
  • Azaroak 29: Etxebizitza, 18:30ean, gaztetxean. 
  • Abenduak 2: Hezkuntza, 21:30ean, gaztetxean. Azpeitiko Ikasle Abertzaleak.
  • Abenduak 3: Topaketen balorazioa, plazan. Egun osoko egitaraua izango da, eta aurrerako jakinaraziko dute.