Eskolako jazarpena eta ziberjazarpena landuko dituzte Gurasoen Komunikazio Txokoaren bigarren solasaldian

Uztarria.eus 2016ko aza. 4a, 19:07

Asteazkenean izango da, azaroaren 9an, 19:00etan hasita, Izarraitz frontoian dagoen Gaztelekuan. Saio irekia izango da eta gaiarekiko interesa duen orok izango du parte hartzeko aukera.

Datorren asteazkenean, azaroaren 9an, beteko du bigarren saioa Gurasoen Komunikazio Txokoak. Gaztelekuko eta Gazte Informazio Bulegoko hezitzaileek irailaren 28an jarri zuten martxan egitasmo berria, eta estreinako esperientziak aurrera egitera bultzatu ditu. "Lehen egun hartan gure egitasmoaren berri eman genien bertaratu ziren gurasoei eta, parte-hartzearen balorazio positiboa egin genuenez, bigarren saioa egitera animatu gara", kontatu dute.

Bigarren solasaldirako "gai zehatz bat" aukeratu dute: eskolako jazarpena edo bullying-a eta ziberjazarpena. Eta, egitasmoa bereziki nerabeen gurasoentzat pentsatuta sortu duten arren, saio irekia izango dela azpimarratu dute antolatzaileek, gaiarekiko interesa duen orok izango du parte hartzeko aukera. Izarraitz frontoian kokatuta dagoen Gaztelekuan izango da asteazkeneko hitzordua, 19:00etan.