'Berria' egunkariari babesa emateko kanpaina jarri dute martxan herriko saltokietan

Uztarria.eus 2016ko aza. 4a, 14:23

Herriko 54 saltokik egin dute bat Erosi Azpeitian Berriaren eskutik kanpainarekin, eta saltoki horietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean 1.000 euroko erosketa txartela zozkatuko dute.

Berria egunkariari sostengua emateko Erosi Azpeitian Berriaren eskutik kanpaina jarri dute martxan Azpeitiko 54 saltoki eta tabernetan, Bertan Merkatari Elkartearen, Azpeitiko Udalaren eta Biele enpresaren laguntzarekin.  Gaur, ostirala, aurkeztu dute kanpaina Maite Martinez eta Xabier Aldalur Bertan Merkataritza elkarteko kideek, Ainara Lasa Berriako marketing arduradunak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Tomax Letamendia Bieleko ordezkariak.

Azpeitiko 54 merkatari Berrialagun egin dira, eta haien saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean, 1.000 euroko erosketa txartela zozkatuko dute. Azaroaren 18ra bitartean denda horietan erosketak egiten dituztenei zozketarako txartela emango diete, eta egun horretan egingo dute zozketa. Erosketa txartel hori Berrialagun egin diren komertzioetan gastatzeko izango da.

Ainara Lasa Berriako ordezkariak adierazi duenez, kanpainaren helburua da "Berria komunitatea sendotzea, komunitate hori baita proiektuaren sostengu nagusia". Hori lortzera bidean, hainbat eragilerekin jarri dira harremanetan eta Lasak adierazi duenez, "elkarlanetik atera dira proiektu interesgarrienak eta eraginkorrenak".

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, bere aldetik, Udalak Berriaren proiektuarekin guztiz bat egiten duela esan du, eta Berriaren garrantzia azpimarratu du: "Euskarazko egunkaria eskuragarri izatea gutxieneko beharra da. Euskarak tresnak behar ditu, papera, egunkariak, punta-puntan egoteko". Horrez gain, "Azpeitia herri eredugarria da euskararen erabileran, eta horren erakusle da 54 saltokik eta Biele gisako enpresa batek parte hartzea kanpainan", adierazi du Etxeberriak.

Bertaneko kide Xabier Aldalurrek "eskerrak" eman dizkio Berriari, "kanpaina euren iniziatibaz martxan jartzeagatik", eta esan du etorkizunean halako proiektuetan elkarlanean aritzeko prest izango dela Bertan Merkatari Elkartea. Tomax Letamendia Bieleko ordezkariak esan du, enpresak kanpainarekin bat egin duela "euskarari bultzada ematea eta Azpeitian bizi eta bertan erostea garrantzitsuak direlako".