Azpeitiko Gazte Mugimenduaren topaketak egingo dituzte azaroaren 12tik abenduaren 3ra bitartean

Uztarria.eus 2016ko aza. 4a, 11:09
Azpeitiko Ernaiko hainbat kide, topaketak iragartzen. (Azpeitiko Ernai)

Topaketen helburua da "alternatiben eraikuntzan pausoak ematea". Lau lan ildo jorratuko dituzte: aisialdi eredua, feminismoa, etxebizitza eta hezkuntza. Abenduaren 3an aurrez landutako gaien inguruko balorazioa egingo dute, eta egun osorako egitaraua prestatuko dute horretarako.

Azpeitiko Gazte Mugimenduaren topaketak egingo dituzte azaroaren 12an hasi eta abenduaren 3ra arte. Azpeitiko Ernaik adierazi duenez, topaketen helburua da alternatiben eraikuntzan pausoak ematea eta horien inguruan eztabaidatzea: "Bizitzako esparru ezberdinak birpentsatu eta alternatiben eraikuntzan pausoak ematea garrantzitsua dela uste dugu. Horregatik, horien inguruan eztabaidatzeko topaketa batzuk antolatu ditugu". Topaketak Azpeitiko gazte mugimenduko beste eragileekin batera antolatu ditu Ernaik. 

Azaroan zehar egingo dituzten saioetan lau lan ildo edo gai jorratuko dituzte: aisialdi eredua, feminismoa, etxebizitza eta hezkuntza. Azpeitiko Ernaik adierazi duenez, "Azpeitiko gazteok gure bizitzen jabe izan nahi dugu. Ez gaude ados produzitzera soilik kondenatutako zombie akritiko bilakatu nahi gaituen hezkuntza sistemarekin. Aisialdi ereduaren inguruan hausnartzea beharrezkoa dela ikusten dugu". Horrez gain, "Azpeitian feminismoa ardatz duen borroka ildoa aktibatu nahi" dutela azaldu dute, eta "emantzipaziorako aukera berriak irekitzearen aldeko apustua egiten" dutela azpimarratu dute.

Behin azaroko jardunaldiak eginda, abenduaren 3an baloraziorako tartea hartuko dute, eta egun osorako egitaraua prestatuko dute egun horretarako. Kontzertuak ere izango direla aurreratu dute. 

Lehen pausoa

Azpeitiko Gazte Mugimenduaren topaketak "eraikuntzarako lehen pausoa besterik ez" direla esan du Azpeitiko Ernaik, eta bigarren zita Barañainen izango dela gogoratu dute: "Abenduaren 9an, 10ean eta 11n Euskal Herriko Gazte Mugimenduaren topaketak izango dira Barañainen. Azpeitiarrok gure hondar alea eramango dugu bertara, ideia apurtzailez osaturiko hondartzan murgil gaitezen".