Etorkizuna Eraikiz egitasmoa aurkeztu die Foru Aldundiak bailarako eragileei Azpeitian

Uztarria.eus 2016ko aza. 3a, 17:55
Markel Olano ahaldun nagusia argibideak ematen, gaurko aurkezpenean.

Markel Olano ahaldun nagusiak "etorkizuneko Gipuzkoa eragileekin elkarlanean eraikitzeko" abian duten programaren berri eman die Urola Erdiko alkateei eta ekonomia eragileei. Egitasmoan parte hartzen ari direnen esperientziak ere entzun ahal izan dituzte udaletxean elkartu direnek, tartean Azpeitiko Berritek enpresako Carlos Kortarena.

Epe ertain eta luzera begira jarri eta "etorkizuneko Gipuzkoa eragileekin elkarlanean eraikitzeko" tresna abian du Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz egitasmoarekin, lurraldearen 2016 plan estrategikoa osatzeko, besteak beste. Horren berri eman die gaur Azpeitiko udaletxean elkartu diren Urola Erdiko hainbat eragileri Markel Olano ahaldun nagusiak. Iraurgi Berritzen garapen agentziak antolatutako ekitaldian, bailarako enpresa eta merkataritza arloetako ordezkariak egon dira; baita Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako alkateak ere, Eneko Etxeberria, Javier Zubizarreta eta Joxe Mendizabal, hurrenez hurren.

Bi zutabe nagusitan banatuta gauzatu nahi dute Etorkizuna Eraikiz. GipuzkoaLab da bata: ekonomia, gizarte eta kultura arloetan esperientzia pilotuak martxan jarri, ebaluatu eta eraginkor iritzitakoak politika publikoetan txertatzea da zutabe horren egitekoa. Momentuz, lau lan-arlo nagusitan banatutako proiektuak ari dira garatzen GipuzkoaLab-en: pertsonen partaidetza enpresetan; bizitza laboralaren eta pertsonalaren uztartzea eta berdintasuna enpresetan; zahartzeaz eta hirugarren sektore sozialaz erreferentzia zentro bat eratzea; eta euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzera bideratutako kultur laborategia. Etorkizuna Eraikiz-en beste zutabeari Gipuzkoa Taldean izena eman diote; gizarteko arlo desberdinetako 60 ordezkarirekin taldea osatu dute eta horien ardura izango da Gipuzkoa 2016 Plan Estrategikoa osatzea.

Olanoren aurkezpenaren ondoren, Etorkizuna Eraikiz egitasmoan parte hartzen ari diren lagunek ere hartu dute hitza euren esperientzia azaltzeko, tartean Azpeitiko Berritek enpresako kudeatzaile Carlos Kortak; Berriteken gauzatu duten partaidetza esperientziaren berri eman du Kortak.

Eneko Etxeberriaren kezkak

Ahaldun nagusiak hitza hartu aurretik hitz egin dute aurkezpenera joan diren hiru alkateek. Erakunde, eragile eta herritarren arteko elkarlanaren beharra nabarmendu dute guztiek, baina kezkak eta kritikak plazaratzeko ere baliatu dute aukera.

Horrela, Eneko Etxeberriak estrategiak gauza praktikoetara eramaterakoan dituzten zailtasunak ikusita "elkarlanean sinestea asko kostatzen" zaiola esan dio Markel Olanori. Gipuzkoan proiektuak garatzerakoan "oreka falta" somatzen duela adierazi du Azpeitiko alkateak eta adibide gisa erabili du Azpeitia eta Urrestilla lotu behar zituen bidegorriaren kasua, 2015ean Aldundiak 2016ean egitea onartu ondoren bere horretan dagoen proiektua.