Ikasberri Ikastolako dantza taldea Argentinara joango da hango Euskal Jaian parte hartzera

Uztarria.eus 2016ko aza. 2a, 12:47
Ikasberriko dantza taldea.

Guztira 24 laguneko taldea joango da Argentinara. Azaroaren 5ean, zapatuan, abiatuko dira, eta azaroaren 21era bitartean hainbat dantza emanaldi eskainiko dituzte. Hango dantza tradizionalak ere ikasten ari dira Ikasberriko dantza taldeko ikasleak, eta esperientzia bizitzeko "gogotsu" daude. 

Datorren zapatuan, azaroaren 5ean, Argentinarako bidea hartuko dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko gurasoen dantza taldeak. Hamasei egunez izango dira bertan, azaroaren 21era arte, eta hainbat emanaldi eskainiko dituzte Argentinako Necochea herrian. Azpeititik guztira 24 gizon-emakume joango dira Argentinara, baina 17 izango dira dantzan arituko direnak. 

Euskal Jaia ospatuko dute han, eta hiru egunez bertan parte hartuko du Ikasberriko dantza taldeak. Bi urtean behin antolatzen dute euskal jaia Argentinako herri ezberdinetan, eta aurtengoan Euskal Herriko bi dantza taldek hartuko dute parte egitasmoan, Azpeitikoak eta Hernanikoak. Horiez gain, baina, Argentinako beste hainbat euskal etxeetako 23 talde ere arituko dira dantzan. 

Luis Alberdi Beltza da Ikasberriko dantza taldeko irakaslea, eta hark azaldu duenez, emanaldi eta dantza ezberdinak eskainiko dituzte: "Alde batetik, antzoki batean eskainiko dugu ikuskizuna. Bertan 25 taldek hartuko dugu parte, eta dantza talde bakoitzak 5 minutu inguruko emanaldia eskainiko du. Guk Erria txikota dantza eskainiko dugu". Horrez gain, beste emanaldi bat ere eskainiko dute, antzokitik kanpo, kalean. "Bigarren emanaldia etorbide batean eskainiko dugu, eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako dantzak izango dira protagonista. Esaterako, neska eta mutilen arteko arku dantza, ikurrin dantza, banakoa, aurreskua eta fandangoa eskainiko ditugu egitasmoan parte hartuko dugun talde guztiek", azaldu du Luis Alberdik.

Euskal Herriko dantzak eramango dituzte Argentinara, baina hango dantzak ere ikasten ari dira Ikasberriko dantza taldeko kideak, La chacarera kasu. Zarauzko Euskal Jaian parte hartzen duten hainbat talderekin harremanetan jarri zen Ikasberriko dantza taldea, eta orain hara joateko deia jaso dute. Dantza egiteaz gain, denbora librean turismoa egiteko asmoa dutela azaldu du Alberdik: "Usuaia, Peninsula Baldes, Calafate eta Bariloche bisitatuko ditugu, besteak beste". Dantzari azpeitiarrak esperientzia bizitzeko "gogotsu" daude.