Eguzki panelak jarriko ditu Udalak Sindikatu Zaharrean

Uztarria.eus 2016ko aza. 2a, 10:06
Panelak jartzeko instalazioak Sindikatu Zaharraren teilatuan.

22 modulo fotovoltaiko jarriko dituzte Sindikatu Zaharraren eraikinaren teilatuan. Panel horiek sortutako energia baliagarria izango da Udaltzaingoaren bi auto elektrikoentzat eta Sindikatu Zaharreko instalazioarentzat.

Joan den astean hasi ziren Sindikatu Zaharra eraikinaren teilatuan eguzki panelak jartzeko instalazioak egiten eta gaur, asteazkena, hasiko dira panelak jartzen. Udalak azaldu duenez, "eguraldiak laguntzen badu eta ezustekorik ez bada", astea bukatzerako amaituko dituzte lanak.

22 modulo fotovoltaiko jarriko dituzte Sindikatu Zaharraren eraikinaren teilatuan. Horietako bakoitzak 250 wp sortuko ditu, eta guztien artean 5.500 wp. Panelak azaroaren erdi alderako martxan izango direla azaldu du Udalak. Panel horiek sortutako energia baliagarria izango da Udaltzaingoaren bi auto elektrikoentzat eta Sindikatu Zaharreko instalazioarentzat.

Azpeitiko Udalak Usurbilgo Lanbide Eskolarekin egindako hitzarmena fruituak ematen ari dela adierazi du Josu Labaka zinegotziak: "Udalaren Energia Planean jasotako ekintzen gaineko aholkularitza eta zerbitzu teknikoa emateko sinatu genuen hitzarmena. Lehenik Udaltzaingoarentzat bi auto elektriko erosi genituen, eta orain auto horientzako energia sortzeari ekingo dio Udalak”. Hitzarmenaren helburua da instalazioetan energia berriztagarriak txertatzea eta energia-eraginkortasuna hobetzea.