Webgunea berritu du Urkomek

Uztarria.eus 2016ko urr. 25a, 18:02

Urkome Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteak webgunea berritu du. "Gaur egungo gizartean webguneek eta sare sozialek duten garrantziaz" ohartuta, www.urkome.eus "eguneratzea eta egokitzea garrantzitsua" dela iritzita eman dute atari digitala berritzearen pausoa, elkarteko arduradunek azaldu dutenez. "Azken finean, webgune berrituak landa eremu bizi baten islada izan nahi du", diote.

Horrela, diseinua "guztiz berritu" dute; erabilgarritasuna erraztea izan da berrikuntzaren beste helburuetako bat, eta "gertutasuna" areagotzea ere bai. Edukiei dagokienez, lehendik zeudenak berritu eta mantendu, eta beste batzuk gehitu dituzte, "jasotako eskariak eta iradokizunak kontuan hartuta". Ekoizleen gida eguneratzea eta webgunean txertatzea izan da berrikuntzaren beste elementu garrantzitsuetako bat. Azkenik, sare sozialetan duen presentzia indartu nahi du Urkomek; horrela, orain arte Twitterren eta Facebooken zituzten kontuei Youtuben ireki dutena gehitu diote, eta hiruretarako sarbidea jarri dute webgunean.

Atzo, astelehena, Zarautzen aurkeztu zuen webgune berritua Urkomek, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Urola Kostako Hitza-ren aurkezpeneko argazkian, Aiako alkate Nekane Arrizabalaga, Urkomeko lehendakari Ana Eizagirre eta elkarteko kudeatzaile Yurre Peñagarikano ageri dira.