VII. Tuba Jaialdia, "arrakastatsua"

Arrakastatsua. Hala definitu dute antolatzaileek VII. Tuba Jaialdia. Aurten, hiru eguneko egitaraua zuten prestatuta, eta antolatutako ekitaldietan jende andanak parte hartu duela esan dute ekimenaren sustatzaileek.

Donostiako Taban, Tabakalera eraikinaren ondoan, eskaini zuten aurreneko kontzertua, piano doinuak lagun. Ostiralean iritsi zen jaialdia Azpeitira. Udaletxeko ganbaran arnasketa zirkular aurreratuko tailerra eskaini zuen Ibai Nikolai musikariak, eta "oso interesgarria" izan zela azaldu zuten bertaratu zirenek. Euskal Herrian halako lanketa egiten den aurreneko aldia izan zen Azpeitian egin zutena. Gauean, aldiz, tuba doinuek hartu zuten herriko plaza. Izan ere, sanagustinpen Di to Wo taldeak eta Tuba Jaialdiko maisuak musika intrumentuekin jolasean ikusi eta entzun ahal izan ziren. Zapatua izan zen egun potoloena. Euskal Herriko txoko ezberdinetako musikariak batu, eta hainbat ekimen egin zituzten. Zita garrantzitsuena zapatuko kontzertua izan zen, eta eguraldiak lagundu ez zuenez, Sanagustinen eskaini zuten kontzertua, Juan Antxieta abesbatzaren kolaborazioarekin.

"Tuba Jaialdiaren egituragatik, egun guztian zehar musika lantzeaz gain, elkarren arteko harremanak ere sendotzen eta sortzen ditugu, hori ere gure helburuetako bat baita", azaldu dute antolatzaileek. Orain datorren urteko prestaketa lanetan hasteko pronto daude.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide