Ostiralean emango diote hasiera VII. Tuba Jaialdiari Azpeitian

(Alaitz Ruiz).

Arnasketa zirkular aurreratuko tailerra izango da ostiralean, udaletxeko ganbaran. 23:00etan Di To Wo taldearen didgeridoo kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean, eta ondoren, Tuba Jaialdiko musikariek Jam Session-a eskainiko dute. Zapaturako prestatu dute egitaraurik oparoena. 

Azpeitiko Metal Boskoteak Tuba Jaialdia antolatu dute zazpigarren urtez datozen egunetarako. Bihar, irailak 29, emango diote hasiera prestatutako egitarauari Iñar Sastreren pianoz lagundutako entzunaldiarekin Donostiako Tabakaleran, eta zapatura arte luzatuko da jaialdia. Izan ere, ekitaldiz betetako hiru egun antolatu dituzte, eta kontzertuez gain, tailerra eta bazkaria ere izango dira. 

Azpeitira ostiralean, irailaren 30ean, iritsiko da Tuba Jaialdia. 17:00etan arnasketa zirkular aurreratuko tailerra izango da, doan, udaletxeko ganbaran. Iban Nikolai oiartzuarrak eskainiko du tailerra, beste bi musika maisuren laguntzarekin. 23:00etan Di To Wo taldearen didgeridoo kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean, eta ondoren, Tuba Jaialdiko musikariek Jam Session-a eskainiko dute. 

Zapaturako, urriaren 1erako, prestatu dute egitaraurik oparoena. Izan ere, goizean hasi eta arratsaldera bitartean hainbat egitasmo antolatu dituzte. Hala, 09:15ean Azpeitira etorriko diren hainbat tuba jotzaileei ongi etorria egingo diete, Udal Musika Bandaren Soreasuko lokalean. Ondoren, guztiek batera entseguak egingo dituzte, eta eguardi partean bazkarirako tartetxoa hartuko dute, Zokoa soziedadean. 19:00etan izango da zitarik garrantzitsuena, kontzertua eskainiko baitute plazan, Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleekin elkarlanean, eta horrekin amaituko dute VII. Tuba Jaialdia. 

Hemen, datozen egunetako egitaraua:

Irailak 29, osteguna

20:30: Iñar Sastreren eskutik pianoaz lagunduriko entzunaldia, Donostiako Tabakaleran.

Irailak 30, ostirala

17:00: Arnasketa Zirkular Aurreratuko tailerra, udaletxeko ganbaran, doan. 

23:00: Di To Wo taldearen didgeridoo kontzertua. Ondoren, Tuba Jaialdiko maisuen Jam Session-a. 

Urriak 1, zapatua. Tuba Eguna

09:15: Kanpotik herrira datozen tuba jotzaileei ongi-etorria, Udal Musika Bandak Soreasun duen lokalean.

09:30: Beroketak, tailerrak eta entsegua.

14:30: Bazkaria, Zokoa soziedadean.

19:00etan kontzertua plazan, Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleekin elkarlanean.  

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide