Lan arloko formaziorako eta umeen eskolaz kanpoko ekintzetarako bekak eskainiko ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko ira. 22a, 13:32

Amaia Beristain eta Estitxu Elduaien zinegotziak.

Formaziorako beken helburua da langabezian dauden herritarrei formakuntza hurbiltzea, lan munduan murgiltzen laguntzeko. Eskolaz kanpoko ekintzetarako bekak, aldiz, gaztetxoek hezkuntza araututik kanpoko egitasmoez gozatzeko jarri dituzte martxan. Dagoeneko eskatu daitezke diru-laguntzak udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegoan.

Lan munduko formakuntza ikastaroetarako eta hezkuntza ez-arautuko zentroetan eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzeko bekak eskainiko ditu Udalak. Formaziorako diru-laguntzak 25 urtetik gorako herritarrei zuzenduta daude. Eskolaz kanpoko ekintzetarako beka, aldiz, 3 urtetik 18 urtera arteko haur eta gaztetxoei zuzenduta dago. Diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik dago bi kasuetan, eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetan egin daiteke eskaera.

"Langabeziari aurre egiteko gakoa da formazioa, eta Udalak lan mundura bideratuta dagoen formakuntza eskaini nahi die herritarrei. Horregatik, horiei laguntzeko eta formakuntza langabezian dauden herritarrei hurbiltzeko, bekak eskainiko ditu Udalak", azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak. "Diru-laguntzen helburua da langabezian daudenei lan mundurako bidea erraztea eta lan kalitate hobeagoko postuak eskuratzen laguntzea", gaineratu du Elduaienek. 

Hiru alorretan emango dituzte formazioarako diru-laguntzak: klaseetako matrikula ordaintzeko, garraioaren gastuetarako eta eskolako materialerako. Diru laguntzen zenbatekoa erabakitzerakoan Eusko Jaurlaritzak ematen dituen beken irizpideak jarraitu dituztela azaldu du Estitxu Elduaienek. 

Honakoak dira formaziorako bekak eskuratzeko bete beharreko baldintzak: 

  • Langabezian egotea edo %50eko lanaldian egotea.
  • 25 urtetik gora izatea.
  • Titulu profesionala, lanbide heziketako erdi mailako titulua edo goi mailako titulua eskuratzeko matrikulatzea. 

Diru-laguntzen tramitazioa azaroan egingo dute, eta eskaera egiten dutenek urtea amaitzerako jasoko dute diru-laguntza . Informazio gehiago nahi duten herritarrek edo beka lortzeko eskaera egin nahi dutenek udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegora nahiz Udalaren webgunera jo dezakete. 

Eskolaz kanpoko ekintzetarako beka 

Azpeitiko Udalak 2014an jarri zuen hezkuntza ez-arautuko zentroetan eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartu nahi dutenentzako beka sistema martxan, eta aurten ere diru-laguntzak eskainiko dituzte.  

Laguntzak beharra duten familietako 3 eta 18 urte arteko haur eta gaztetxoentzat dira. Ondorengo eskola edota jarduerak lagunduko dituzte diruz: Juan Antxieta Musika Eskola, euskal dantzen ikastaroa, Arte eta Diseinu Ikastegia eta Udal Kirol Patronatuko bazkide kuota, besteak beste. 

Ainhoa Beristain zinegotziak azaldu duenez, "gizarte ikuspegitik oso garrantzitsuak dira jarduera horiek, eta beka eskaera guztiak kontutan hartuko ditu Udalak". Aurten diru-laguntzak eskatzeko baldintzak malgutu dituztela azaldu du Ainhoa Beristainek, eta herritarrak beka horiek eskatzera animatu ditu: "Herritarrei dei egiten diegu laguntza hauek eskatu ditzaten, ez baitugu nahi herriko gaztetxoak halako ekintzez gozatu gabe gelditzerik".