Clara Wolfram: "Norbere burua ezagutzea oso lagungarria da hobeto bizitzeko"

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 16a, 16:13

Clara Wolfram. (Noaua)

Jabetze Eskolen barruan, 'Erotismoa eta autoezagutza' tailerra eskainiko du Clara Wolframek (Bonn, Alemania, 1968).

Zer landuko duzue saioetan?

Norberak jolastuko du bere erotismoarekin. Denok dugu dimentsio erotikoa, eta hori adierazten dugu komunikatzeko erarekin, harremanak egiteko moduarekin… Dena den, ez gaude beti erotismoarekin konektatuta. Tailerrean arreta jarriko diegu gorputzari, zentzumenei eta komunikatzeko moduari, eta dinamika praktikoen bidez, horiek landuko ditugu. Gorputzetik abiatzen da tailerra; hau da, lehenbizi jarriko dugu arreta sentsazioetan, eta saiatuko gara gorputza pieza bakar sentitzen.

Sentsazioen kontzientzia handitzea zertan datza?

Sentsazioek informazioa ematen digute, eta kontzientzia hartzeko eta bizipozarekin konektatzeko lanketa egingo dugu; izan ere, bizipoza, plazera, lor daiteke zentzumenen bidez. Baina askotan lokartuta edo ukatuta dugu plazera, gure gorputza edo izandako harremanak zein bizipenak ez zaizkigulako gustatzen. Ahalegina egin behar da gure gorputzetan dagoena onartzeko, eta, bizipozarekin, erotismoarekin, konektatzeko.

Erotismoa gai tabua da.

Sexualitatea modu errepresiboan bizi izan dugulako da hori horrela. Kultur eredu bezala, sexualitatea ez da ontzat eman. Duela 30-40 urte sexuaz hitz egitea kasik bekatua zen. Ez dugu oraindik zama hori askatu, eta ez dugu normal hitz egiten erotismoaz. Hitz egiten dugu zerbait sekretua edo perbertsoa balitz bezala, baina beti gara erotikoak. Beti saiatzen gara bestearen gustukoak izaten, eta hori ere erotismoa da; besteek gu onartzeko erreminta.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean