Hasi da Onintza Valverderen eta beste bost gazteen aurkako epaiketa

Elkarretaratzea egin dute dozenaka ikaslek sei gazteen aurkako epaiketa hasi aurretik. (Topatu.eus)

2014an atxilotu zituzten sei gazteak, euskal presoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko kontzentrazio batean. Bostentzat bi urteko espetxe zigorra eskatzen du epaileak. Seigarrenarentzat, aldiz, hiru urte eta erdiko espetxe zigorra.

Gaur, asteazkena, 09:30ean hasi da duela bi urte Gasteizko EHUren campusean atxilotu zituzten sei gazteen, tartean Onintza Valverde azpeitiarraren, aurkako epaiketa Arabako Lurralde Auzitegian. 

2014ko martxoaren 19an euskal presoek unibertsitatean ikasteko eskubidea aldarrikatzeko kontzentrazioa egin zuten hainbat ikaslek Gasteizko EHUren campusean. Ikasle batzuk horma bat margotzen hasi ziren, eta Ertzaintzak ikasleetako bat atxilotu zuen orduan. Hori salatzeko eta atxilotutako gazteari babesa emateko errepidea moztu zuten elkarretaratzean zeuden ikasleetako batzuk, eta protestan ari ziren bost gazte atxilotu zituen Ertzaintzak. 

Ordena publikoaren aurkako erasoa eta ertzainak nahiz segurtasun langileak kolpatzea eta lesionatzea leporatzen diete orduan atxilotutako sei gazteei. Bostentzat bi urteko espetxe zigorra eskatzen du epaileak. Seigarrenarentzat, aldiz, hiru urte eta erdiko espetxe zigorra. Horrez gain, guztira 5.000 euroko zigor ekonomikoa eskatzen diete.

"Gertatutakoa" kontatzera

Onintza Valverde azpeitiarrak adierazi duenez, "lasai" dago, epaiketara "gertatutakoa kontatzera" joan delako, eta adierazi du. Bestalde, "epaiketa oker joaten bada ez da izango gure aldeko froga faltagatik", esan du Valverdek. 

Epaituak izango diren sei gazteek "2014ko aldarrikapen berdinean berresten" direla adierazi zuten joan den zapatuan, irailaren 10ean, egindako agerraldian: "Euskal preso politikoek EHUn ikasteko duten eskubidea ozen aldarrikatu nahi dugu, eta gorputz armatuak unibertsitatetik kanpo egon behar dutela pentsatzen jarraitzen dugu" Horrez gain, gaur egungo unibertsitate eredua beraiek aldarrikatzen duten ereduaren "beste muturrean" dagoela adierazi zuten.

Epaiketa hasi baino ordu erdi lehenago elkarretaratzea egin dute dozenaka ikaslek Arabako Lurralde Auzitegiaren aurrean. Azpeitiko Librek, aldiz, epaiketa salatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko, eta herritarrei dei egin die bertan parte har dezaten. 18:30ean izango da kontzentrazioa, plazan. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide