50eko eta 60ko hamarkadetan Azpeitira etorritako herritarrei aitortza egingo die Udalak

Uztarria.eus 2016ko ira. 12a, 12:36

Ezkerretik eskubira, Estitxu Elduaien zinegotzia, Eneko Etxeberria alkatea eta Ainara LarraƱaga zinegotzia.

"Azpeitiari egindako ekarpena" aitortuko diete, besteak beste, Gaztela, Galizia, Andaluzia eta Extremaduratik etorritako herritarrei. Horretarako, hainbat ekintza prestatu dituzte irailaren 23rako eta 24rako. 

Azpeitiko Udalak aitortza egingo die 50. eta 60. hamarkadetan, besteak beste, Gaztela, Galizia, Andaluzia eta Extremaduratik etorritako herritarrei. "Jatorria utzi eta erraza ez izan arren, etorkizuna gure herrian eraikitzeko esfortzua egin behar izan zuten. Baina gure herriaren eskulan aktibo izugarria izateaz gain, kultur aniztasun eta aberastasunaren parte garrantzitsua ere badira, eta hori ere aitortu eta eskertu nahi zaie" adierazi du Udalak.

Hala, 50eko eta 60ko hamarkadetan etorritako herritarrei esker ona adierazteko hainbat egitasmo prestatzen ari dira irailaren 23rako eta 24rako. "Iniziatiba honen antolaketa eta koordinazioa Udala egiten ari bada ere, ekintzen nondik norakoak garai hartan herrira etorritakoak eta beren ondorengoak ari dira fintzen, eta beraiek izango dira egun horien xehetasunak azalduko dituztenak datak gerturatzen doazen heinean", azaldu du Udalak.

Prestatu dituzten ekintzetatik Azpeitiko plazan egingo diren bi nabarmendu dituzte: Kiko Venenok irailaren 23an emango duen kontzertua eta irailaren 24an egingo duten herri bazkaria.  Kiko Venenok Sanagustin kulturgunean eskainiko du zuzenekoa, 23:00etan hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko www.kulturaz.eus webgunean. Hilaren 24ko herri bazkaria, aldiz, "kultur aniztasunaren erakusgarri izango diren ekintzak" izango direla azaldu dute.

Herritarrak eta bisitariak egun horietarako antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu ditu Udalak: "Data horiek memorian eta agendan gorde, eta egun horietan kalera irten eta jai giroan gozatzera animatu nahi ditugu herritarrak eta bisitariak".