Igandean amaituko da kanpoko igerilekuaren aurtengo denboraldia

Uztarria.eus 2016ko ira. 7a, 17:12
Kanpoko igerilekua irailaren 11n itxiko dute aurten. (Azpeitiko Udala)

Eguraldi iragarpenen "ziurgabetasuna" dela eta, ekainean aipatu zuten astebete luzatzearen aukerari uko egingo diote, azkenean.

Igandean, irailak 11, itxiko dute aurten kanpoko igerilekua; aurreikusitako datan, beraz. Izan ere, aurtengo denboraldia aurkezterakoan Udalak eta Kirol Patronatuak aurreratu zuten udako igerilekuaren irekiera astebetez luzatzearen aukera. Aukera hori eguraldiaren iragarpenari lotuta egongo zela esan zuten orduan, eta datorren asterako iragarpenen "ziurgabetasuna" dela-eta erabaki dute, azkenean, denboraldia ez luzatzea.

"Kontsultatutako hiru eguraldi iragarpenen arabera, datorren astean eguraldi aldakorra" espero dela zehaztu du Udalak, ohar bidez. "Inguruko herrietako instalazioetako arduradunekin ere hitz egin da erabakia hartu aurretik, eta haiek ere denboraldia ez dutela luzatuko jakinarazi digute", adierazi du Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak. Igerilekuak sortzen dituen kostuak ere kontuan izan dituztela gaineratu dute udal ordezkariek. Denboraldia astebetez luzatzea 6.500 euro kostatzen dela esan dute, eta "eguraldia ziur eduki gabe gastu hori ez egitea egokiena" dela iruditzen zaiela esan du Elduaienek.