"Keniako egonaldia eta gero hemengo bizitza gehiago baloratzen dugu"

Uztarria.eus 2016ko ira. 7a, 13:12
Goian, ezkerretik eskubira, Nerea Iriarte eta Nerea Soraluze, Molo herrian. Behean, erdialdean, Naroa Guridi, Medine herrian.

Udan hilabetez aritu dira Nerea Iriarte (Azpeitia, 1993), Nerea Soraluze (Azpeitia, 1993) eta Naroa Guridi (Azpeitia, 1996) Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lanean, Kenian.

Nerea Iriarte eta Nerea Soraluze elkarrekin joan ziren Keniara, baina ez zuten espero han azpeitiar batekin topatzerik. Naroa Guridik bakarrik hasi zuen abentura. Hirurek esperientzia "bikaina" izan dela azaldu dute, eta egonaldiak "asko ikasteko eta hausnartzeko" aukera eman diela adierazi dute. Aukera izanez gero halako proiektuetan lanean jarraitzeko gogorik ez zaie falta.

Nolatan joan zineten Keniara?

Nerea Iriarte: Beti nahi izan dut munduaren beste aldean zer dagoen ikustea, eta pobrezian dagoen horiei laguntzea. Gainera, aspalditik genuen horrelako proiektu batean parte hartzeko gogoa. Azkenik, aurten eman dugu pausoa, eta Hego Amerikan lanean aritzen diren Gobernuz Kanpoko Erakunde ezberdinen inguruan informazioa jasotzen aritu ginen Internet bidez, baina inork ez gintuen guztiz konbentzitzen. Gehienek diru kopuru handiak eskatzen zituzten ezer baino lehen. Ezagun bat Afrikako GKE batean lanean aritu zela jakin genuen orduan.

Nerea Soraluze: Ikasketak amaitu ostean, medikuntzarekin lotura duen GKE batean aritzea gustatuko litzaidake, eta Keniara joateko esperientzia aurreneko urratsa izan zitekeela pentsatu nuen, hango lurraldeetako errealitatearekin lehen kontaktua izateko-eta.

Naroa Guridi: Alde batetik, Afrikara joatearen abenturak bultzatu ninduen, han biziko nuen guztian pentsatzeak. Bestetik, karreran zehar jorratu ditugun gaiak (garapena, pobrezia, kooperazioa…) neure azalean bizitzeko gogoa ere banuen, eta horretarako aukera bikaina iruditu zitzaidan GKE batekin aritzea. Bakarrik joan nintzen, eta hasiera batean horri ez nion inolako garrantziarik eman. Istanbulen nintzela, baina, atentatua izan zen, eta orduan babes falta sentitu nuen. Hala ere, Afrikara joateko gogoak eta ilusioak pultsua irabazi zuen.

Zein lan egin dituzue han?

Nerea Iriarte: Eskola batean nahiz umezurtz-etxe batean izan gara, eta lan ezberdinak egin ditugu: logelak txukundu, arrautzak garbitu, sukaldeko lanak egin… baina batez ere egin duguna umeekin egotea izan da; haiekin jolastea eta haiei konpainia ematea.

Nerea Soraluze: Hasiera batean zaila izan zen lanak banatzea, boluntario asko geunden eta. Espainiako Unibersidad Europeako dozenaka ikasle ere baziren, umezurtz-etxeko proiektua garatzeko asmotan. Behin lanak banatuta, baina, segituan jarri ginen martxan. Jolasteaz gain, lanak egiten ere laguntzen genien haurrei.

Naroa Guridi: Ni beste umezurtz-etxe eta eskola batean aritu nintzen, baina gauza bera egiten nuen han: umeekin jolastu, babesa eman, eskolako lanak egiten lagundu, horiek zuzendu… Eskolaz kanpo, baina, lan asko egiten zuten umeek, eta horretan ere lagundu izan nien: ahuntzak zaintzen, sua egiteko egurra biltzen, artoa jasotzen… Horrez gain, komunera joaten ere laguntzen genien. Izan ere, etxetik 200 metrora zuten komuna.

Zer irakatsi diezue hango umeei?

Nerea Iriarte: Irakatsi baino gehiago konpainia eta babesa eman diegu, eta haientzat izugarria da hori. Bertako hezitzaileek-eta ez dituzte haurrak ospitalera eramaten, eta hori ere egin dugu.

Nerea Soraluze: Zer falta zitzaien ikusi eta horretan laguntzea da egin duguna. Gu izan garen GKEan beharren arabera jartzen da dirua. Ospitalera eraman genituen haurrei eman zizkieten sendagaien kostua geure gain hartu genuen esaterako, baita logeletarako genituen mantena ere.

Zuek haiengandik ere ikasiko zenuten zerbait…

Nerea Soraluze: Gauzak askoz gehiago baloratzen. Elkarri dioten errespetua ere izugarria da, baita elkartasuna ere. Behin gurekin jolasean aritu zen ume bati gaileta bat eman genion, eta ikusi genuen nola ondoko haurrari erakutsi zion. Hasieran pentsatu genuen inbidia emateko asmotan ari zela, baina gaileta zatitu eta erdia beste umeari eman zion. Aho zabalik utzi gintuen.

Naroa Guridi: Asko erakutsi didate nahi gabe. Haien zoriontasuna ez dago gauza materialei lotuta, gutxirekin oso zoriontsu dira, eta niri inbidia ematen zidaten. Han ez dira gu bezala lasterketa batean bizi, presarik gabe bizi dira. Bestalde, gauzei garrantzia gehiago ematen irakatsi didate. Han ez dago apenas zakarrontzirik, ez dute ezer botatzen.

Zer da gehien harritu zaituena?

Nerea Iriarte: Oinarrizko gauzak falta bazaizkie ere, biztanleen gehiengoak telefono mugikorra duela ikusi dugu, eta horrek benetan harritu nau. Behin Orange telefono agentziaren bulego batean ere izan ginen, eta ez genuen halakorik egotea espero.

Nerea Soraluze: Etxe askotan ihesa duten pertsonekin egin dugu topo, eta hori ere gogorra izan da. Ihesaren kontrako tratamendua doakoa da, baina jendea ez da bila joaten. Umezurtz-etxeko asko gurasoak ihesagatik hil zirelako zeuden han eta ez abandonatu egin zituztelako.  Alkoholismoa ere badagoela ikusi dugu. GKEkoek ez zituzten hangoak diruz laguntzen, ber zituzten gauzak emateko esaten ziguten, bestela alkoholetan gastatuko zutelako emandako dirua.

Naroa Guridi: Jendearen arteko harreman estua. Guztiak ziren anai arrebak bezala. Hemen, aldiz, nahiz eta herri berekoak izan, agian elkar agurtu ere ez dugu egiten. Han guztiek egiten zieten kasu elkarri, eta asko zaintzen zuten elkar.

Zein izan da esperientziak utzi dizuen gauzarik onena?

Nerea Iriarte: Hemengo bizitza baloratzen lagundu dit Keniako egonaldiak, etxean zein ondo bizi garen konturatzen.

Nerea Soraluze: Umeen bizipozak txunditu nau.  

Naroa Guridi: Gauza on asko eman dizkit Keniako egonaldiak. Orain askoz gehiago baloratzen ditut hemen oinarrizkoak diren gauzak. Joan aurretik banekien leku pobre batera nindoala, baina norbere begiekin ikusi arte ezin da imaginatu benetan nolakoa den hango errealitatea. Handik bueltan hartu nuen lehen dutxa beroarekin oroitzen naiz, nola gozatu nuen, eta nola preziatu nuen. Keniatik bueltan gauzarik sinpleenak izugarrizko ilusioarekin hartzen nituen. Horrez gain, sekula ez ditut ahaztuko hango umeak. Ezin da azaldu transmititzen duten alaitasuna. Oso arduratsuak dira, eta dena bakarrik egiteko gai dira: esnatu, dutxatu, jantzi, lanak egin, animaliak zaindu… izugarria da.

Hurrengo urtean berriro itzultzeko asmorik ba al duzue?

Iriarte eta Soraluze: Hurrengo urtean ezingo gara berriro joan ikasketak direla eta, baina esperientzia errepikatuko dugu aurrerago, ziur. Ez zaigu horrelako proiektuei laguntzeko gogorik falta. 

Naroa Guridi: Ez dakit zertan ariko naizen hurrengo urtean, baina asko gustatuko litzaidake boluntario lanetan jarraitzea antzerako proiektuetan. Ahal izanez gero seguru errepikatuko dudala.