Emaitza onak Paseo Berriko igerialdian

Uztarria.eus 2016ko abu. 17a, 14:23

Bestalde, zapatuan, hilak 20, Itzurun-Arranpla Itsas Zeharkaldia jokatuko da Zumaian; eta elkarteko igerilari helduek hartuko dute parte bertan

Andra Mari egunean, Izarraitz Igeri Elkarteko hamabi igerilarik Donostiako XLVIII. Paseo Berriko Igerialdian hartu zuten parte.

Lehendabizi, 11:00etan, infantil mailako 49 igerilari irten ziren Nautikoko eskailera paretik, 650 metroko luzera zuen igerialdia egiteko. Gure taldetik, bost igerilarik hartu zuten parte. Guztiek igerialdi txukuna burutu zuten eta Maialen Sudupe azkoitiarra izan zen garaile nesken artean.

Bakoitzaren postuak honako hauek izan ziren; Maialen Sudupek 1. postua, Uxue Etxeberriak 9. postua, Ilazki Odriozolak 22. postua, Intza Odriozolak 24. postua eta Alazne Sudupek 26. postua

Helduek, Zurriolako hondartzan hasi eta Kontxako hondartzaraino egin zuten igeri. Atzo, azken bi urteetan ez bezala, itsasoak ohiko ibilbidea egitea ahalbidetu zuen, denon gozamenerako.

Guztira ia 500 parte hartzaile izan ziren; hauetatik, Izarraitz Igeri Elkarteko zazpi igerilari.

Helduen artean, Leire Ceciagak, (master mailan) lortu zuen podiumera igotzea. Hona hemen gure absolutuen postuak: Leire Ceciaga 56. postuan eta 2. master mailan, Rafa Zubeldia 16. postuan eta 6. master mailan, Iñaki Etxeberria 51. postuan eta 7. master 2 mailan, Iker Paredes 203. postuan eta 56. master mailan, Koldo Larrañaga 269. postuan eta 17. beterano mailan, Nagore Alberdi 270. postuan eta 10. master mailan, Alaitz Olazabal 271. eta 11. master mailan eta Edu Sudupe 394. postuan eta 116. master mailan.

Hurrengo probarako prest

Bestalde, zapatuan, hilak 20, Itzurun-Arranpla Itsas Zeharkaldia jokatuko da Zumaian; eta elkarteko igerilari helduek hartuko dute parte bertan. Arratsaldeko 16:00tan abiatuko dira igerilariak Itzurun hondartzatik. Helmuga, berriz, Arbustaingo arranplan izango da. Itsaso zabala eta ibaia uztartzen ditu probak.

Guztira 3.000 metroko zeharkaldia egingo dute parte-hartzaileek; horietatik 2. 000 metro Itsaso zabalean eta azken 1. 000 metroak Urolako itsasadarrean. Itsas zeharkaldia marea goruntz dohala jokatuko da, ibai barruan segurtasuna areagotuz. Igerilariek zeharkaldian aurkitzen dituzten boiak, igerilariaren eskubitara utzi beharko dituzte haitzetatik urrun mantentzeko.

Gaur amaitzen da izena emateko epea, eta momentuz Azpeititik igerilari hauek eman dute izena: Julen Agirrezabalagak, Asier Aizpitartek, Nagore Alberdik, Xabier Aranburuk, Juan Karlos Arellanok, Leire Ceciagak, Julen Estebanek, Pablo Etxeberriak, Iñaki Etxeberriak, Koldo Larrañagak, Alaitz Olazabalek, Iker Paredesek eta Rafa Zubeldiak.