Saninazioak 2016

Agintariak eta elkarretaratzeak Loiolan, eta bakailao festa plazan

San Inazio bigarrenez urtero bezala gaur, abuztuak 1, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariek Azpeitiko Udalekoekin bat egin dute, Loiolako basilikan ospatu den mezara bidean egin den prozesio zibilean. Iñigo Urkullu Jaurlaritzaren lehendakaria eta Markel Olano ahaldun nagusia buru izan dituzte aipatu ordezkaritzek. Eneko Etxeberria alkateak harrera egin die udaletxe atarian, handik Arana kaleraino eta, Loiola arteko tartea autobusez egin ondoren, basilikaraino jarraitu duten segizioan parte hartu aurretik. Udaleko zinegotzi guztiekin batera, Jaurlaritzako, Aldundiko, Eusko Legebiltzarreko zein Gipuzkoako Batzar Nagusietako hainbat kide ere Azpeitian izan dira gaur, hala nola Arantza Tapia, Bakartxo Tejeria, Eider Mendoza, Denis Itxaso eta Jabier Larrañaga diputatu azpeitiarra.

Urkullu ez da Etxerat-eko ordezkariekin elkartu

Agintariak Loiolara iristerako, Arrupe hotelaren aurrekaldean dozenaka lagun zain zituzten. Etxerat elkarteak deitutako elkarretaratzearekin bat eginda gehienak, urtero legez, Dispertsioa stop! zioen pankartaren atzean jarrita; aurten, gainera, haien ondoan jarri dira azken hilabeteetan greban dauden errepideetako langileak ere.

Eta, urtero legez, Etxeratekoen asmoa zen lehendakariari urteko euren txostena eskura ematea -euskal presoen sakabanaketak haur eta nerabeengan duen eraginari buruz egin dute aurtengoa-. Gaur, ordea, Iñigo Urkullu ez da haiekin elkartu eta ez du txostenik jaso; idazkari batengana bideratu ditu presoen senitartekoak. Etxerat elkarteko bozeramaile Naike Diezek lehendakariaren gaurko jarrera "oso larria" dela esan du komunikabideen aurrean, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea ondoan zuela.

Loiolarako autobusa hartu aurretik, Arana kalean, hitz egin du Urkullu lehendakariak komunikabideekin. Irailaren 25erako deitu dituen EAEko bozen gaineko galderei erantzunez, data aurreratu izana ukatu du, azken hauteskunde autonomikoetan baino "24 egun baino ez" dituelako aurreratu nabarmenduta.

Basilikan, berriz, Juan Mari Olaetxea Gipuzkoako Elizbarrutiko bikario nagusia izan da, azkenean, San Inazio bigarreneko meza eman duena. Jose Inazio Munilla gotzaina zen Loiolara etortzekoa baina, Krakoviatik (Polonia) ekarri behar zuen hegaldia bertan behera gelditu ondoren, ezin izan da Azpeitira iritsi.

Bakailao lehiaketak banatu ditu txapelak eta goilarea

Loiolan ekitaldi politiko-erlijiosoak egin bitartean, bakailaoaren bueltako festak hartu du herriko plaza. Eta eguerdi partean zezen txikiekin jolasak ere ez dira falta izan, Done Jakue kalean.

IX. Bakailao Txapelketa jokatu da gaur eta 25 bikote aritu dira nor baino nor, bakailaoa pil-pil eran zeinek gozoago prestatu. Arantzazu Etxezarretak eta Iban Azpiazuk jantzi dute aurten txapela; Haritz Azpitarte eta Oier Oiartzabal sailkatu dira bigarren tokian, eta Eñaut Agirregabiria eta Mikel Zaldua izan dira hirugarrenak. Elkarteen lehian, berriz, Zelai-Luzekoentzat izan da egurrezko goilare erraldoia, Anjel eta Iker Olabarria aita-semeen eskutik. Txapelketara aurkeztu dituzten bakailao kazuelak Berdura plazan hustu dituzte ondoren, bazkaritara elkartutakoek.

Azken txanpan sartzear

Bihar goizean amaituko dira 2016ko saninazioak eta, horrenbestez, festak azken txanpan sartzear dira. Hau da osatzeko gelditzen den jai egitaraua:

  • 17:00. Mus Txapelketa, Sanagustin kulturgunean (16:30ean irekiko da izen-ematea, kulturgunean bertan).
  • 18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz elkarteak antolatuta. Ganadutegia: Lopene.
    Bapatean Zirko taldearen antzerki emanaldia, Perez Arregi plazan.
  • 18:30. Zezenketa, feriako hirugarrena, zezen-plazan.
  • 19:00. Emakumeen eskuzko pilota jaialdia, Frontoi Txikian. Antolatzailea: Ilunpe Pilota Elkartea.

    Lehenengo partida: Alaitz Badiola (Azpeitia)-Ainitze Labaien (Amezketa) vs Maite Iriarte (Azpeitia)-Alazne Inziarte (Oiartzun); bigarrengo partida: Olaia Bikendi (Azkoitia)–Patri Espinar (Hernani) vs Eneritz Arrieta (Azkoitia)-Miriam Arrillaga (Zubieta)
  • 18:45. Los Pasai txarangaren emanaldia, zezen-plazatik irtenda, kaleetan zehar.
  • 22:00. Rodeo Stoner taldearen kontzertua, txosnagunean.
    Ondoren, ekitaldi feminista.
  • 00:00. Ken Zazpi taldearen kontzertua, plaza Nagusian.
    DJ festa, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 01:00. Joseba B. Lenoir Gang-en kontzertua, txosnagunean.
  • 02:30. Pelax kontzertuan, txosnagunean.

Abuztuak 2, asteartea

  • 06:00. Incansables txaranga, kaleak alaituz.
  • 07:30. Zezena, Done Jakue kalean.
  • 08:30. Gaupaseroen argazkia, plaza Nagusian. Jarraian, gosaria.
  • 09:00. Suziri eta danbatekoen bidez, 2016ko herri jaien amaiera.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide