Go!azen telesaila grabatuko dute Esklabetan

Uztarria.eus 2016ko uzt. 26a, 15:34

Zazpi urteren ostean bueltan da Go!azen telesaila, eta grabaketa batzuk Azpeitian egingo dituzte, Esklabetako eraikinean. 2008 urtean estreinatu zuten Go!azen filma eta orduan dozenaka azpeitiar aritu ziren figurante lanetan. Ondoren, hamabi ataleko Go!azen telesaila eman zuen EITB1ek, eta orain telesailaren bigarren zatia grabatuko dute, hamar atalez osatutakoa. Azpeitian ez ezik, Donostian ere grabatuko dituzte hainbat irudi. Gaur, asteartea, hasiko dira grabaketa lanekin, eta urrian izango da ikusgai ETB1en.

Pausoka ekoizpen etxeak EITBrentzat ekoitzitako telesaila da Go!azen, eta Jabi Elortegi da zuzendaria. 2009ko telesailetik bi aktorek jarraituko dute, Ramon Agirrek eta Barbara Rivasek. Haiekin batera ariko dira Karmele Larrinaga eta Borja Uribesalgoiza. Grabaketetan parte hartuko duten aktore gazteak, aldiz, Paula eta Aitana Etxeberria, Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Lorea Korta, Markel Gajate, Haritz Morras, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Moreno dira.

(Argazkia: ETB)