Laugarrenean ere, azoka bizimodu

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2016ko uzt. 21a, 12:53
Iazko Azoka Herritikeko irudia.

Irailaren 16an eta 17an izango da Azoka Herritik egitasmoaren laugarren edizioa, Azoka bizimodu lelopean. 

Orain arte egindako ibilbideari jarraituz, irailaren 16an eta 17an ospatuko da Azoka Herritiken laugarren edizioa.

Hiru urte dira jada Azoka Herritik ekimena sortu genuela. Bertako ekoizpenari eta sorkuntzari bide ematera zetorrela genion orduan, eta lau urte atzera begiratzen badugu, helburu horretan bere aletxoa jarri duela esatera ausartzen gara. Txikiak izanagatik, urratsak eman eman ditugulako urteotan.

Iraileko azokarekin abiatu eta Sanjoandegikoa ere urteroko hitzordu bihurtu da abenduan. Azokez gain ere gauzatu dira bestelako proiektuak, hala nola, herriko taldeen gida eta agenda bateratua osatu genituen Uztarria-rekin elkarlanean, Soreasuko elkargunea astebururo irekitzen da, batera antolatu eta Artiekin taldea osatu dute herriko artisauek elkargunean beraien txokoa irekiz, hainbat kooperazio taldek ekimen bateratuak egin dituzte (kooperazio astea kasu), Ingurumena herritik azoka egin zen duela hilabete.

Denok ondo biziko ginen herri bat aldarrikatu genuen sorrera hartan, euskaraz eta aniztasunean. Herri solidario bat, jendea duintasunez biziko zena, merkatu txikia zainduko zuena, inguruarekiko orekan arituko zena, sortzailea eta partehartzailea, lehian baino, elkarlanean zebilena, tokikoa lehenetsiko zuena. Aldarrikapen haietan berresten gara gaur ere, jakinik, bide luzea dugula egiteko, eta argi izanda herritarrok izango garela aldarrikapen horiek errealitate egingo ditugunak, inork egingo baditu. Horretan ari gara, aurrez zerrendatu ditugu ekimen eta proiektuek erakusten duten bezala. Esatea baino, egitea baita gure xedea.

Urteroko azokek  egunerokoaren hazia izan nahi dute. Azoka Herritiken baloreak eguneroko bizimoduari lotu nahi dizkiogu: kooperazioa, elkarlana, kontsumo arduratsua, aniztasuna, ingurugiroa... Zentzu horretan, azoka plazan abiatzekoa den proiektua txaloz hartu nahi dugu, beste apustu bat delako balore hauek egunerokora ekartzeko xede horretan. Kasu honetan herritarrok izango gara bere arrakastaren berme nagusia. Azoka Herritiken bueltan gabiltzan talde eta sektoreak egitasmoaren parte izan gara hasieratik, eta horretan saiatuko gara aurrerantzean ere, gure ideia eta ekarpenekin.

Iraileko azokaren laugarren edizio hau irailaren 16an eta 17an izango da. Aurtengoan ere, azokaz gain, umeentzako eskaintzak, kultur emanaldiak, hitzaldiak eta abar luzeak osatuko dute egitaraua. Aurtengo aldarriak dion bezala, azoka bizimodu bihurtu nahi dugu, eta bide horretan jarriko dugun hurrengo aletxoa izango da iraileko azoka.