Hasi da Azpeitia Dantzan ekimena

Uztarria.eus 2016ko uzt. 4a, 11:06

Joan den zapatuan, uztailak 2, Sahatsa Dantza Taldeak hasiera eman zion aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoari. Gipuzkoako ezpata dantza tradizionala eskaini zuten Sahatsako dantzariek Alde Zaharreko hainbat txokotan, eta herritar ugari gerturatu zen dantza jaialdia ikustera. Atzo, igandea, jarraitu zuen Azpeitia Dantzan zikloak, eta Dikothomia Cia taldeak Spazi...o ikuskizuna eskaini zuen, zirkoa, dantza eta antzerkia uztartuz. 

Hurrengo emanaldia igandean, uztailak 10, izango da. Jose Mari Orbegozok zuzenduta, saloiko dantzak izango dira ikusgai Soreasun, 20:00etan hasita. Orbegozoren ikasleek, cha cha cha, merengue, bachata, rock, vals eta rumba dantzak eskainiko dituzte, besteak beste. Aurten, gainera, Xabier Saldias igoko da oholtzara, dantzak jarraitzen duen bitartean hainbat abesti kantatzera.