Bukatu dira sanjuanak

Uztarria.eus 2016ko eka. 27a, 11:14

Atzo, igandea, agurtu zituzten aurtengo San Juan festak Urrestillan eta Oñatzen. Sanjuanetako bigarren eta azken eguna herri kirol erakustaldiarekin ospatu zuten oñaztarrek, Otaño eta Larrañaga aizkolariekin eta Guzta harri-jasotzailearekin. Urrestillan, berriz, arratsaldean umeentzako jolasak izan zituzten eta, gauean, San Juan bezperan plazan altzatutako lizarra botata agurtu zituzten festak. Bezperan, San Juan Txiki egunez, egitarau beteagoa izan zuten urrestildarrek. 120 bat lagun elkartu ziren sagardo dastaketan eta bazkarian, eta 56 bikotek hartu zuten parte mus txapelketan; Hodei Kortak eta Beñat Aldalurrek jantzi zituzten txapelak. Umeentzako puzgarriak eta zezen mekanikoa eta artisau azoka ere izan ziren zapatu arratsaldean, eta Elektro Txuflak eta DJ Bull-ek jarri zuten musika iluntzean eta gauean.