Lizarra, sua eta ura Urrestillako San Juan bezperan

Uztarria.eus 2016ko eka. 24a, 12:29

Eguraldiak asko lagundu ez arren, festa giroa nagusi izan zen beste behin Urrestillan San Juan bezperan. Ekainaren 23an ezinbesteko osagai diren lizarrari eta suari ura gehitu zitzaion atzokoan, baina euriak ez zituen urrestildarrak atzeratu. Aurten festa batzordean lekukoa hartu duten gazteek aurreskuarekin eta aurreko taldeari eskainitako bertsoak kantatuz ireki zuten festa plazan. Ondoren, 90 bat lagun elkartu ziren frontoian herri afarirako.

Eta, gauerdian, San Juan arbolaren txanda iritsi zen. Kalejiran ibili ostean, plazan sartu zuten lizar luzea, gaueko hitzordu bereziena gauzatuz. Frontoi aurrean prestatutako San Juan suaren txanda etorri zen gero, eta Laket taldearen musikak girotu zuen, azkenik, festazaleen gau luzea.

Egitaraua

Gaur, bihar eta etzi festan jarraituko dute Urrestillan. Hau da aurretik datozen sanjuanetako egunen egitaraua:

Ekainak 24, ostirala

  • 12:00. Meza.
  • 12:45. Azpeitiko Udal Musika Banda.
  • 13:00. Buruhandiak.
  • 16:30. Txantxalgara haurrentzako emanaldia.
  • 19:30. Sorgin poteoa.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Kontzertuak: Ezten, Zopilotes Txirriaos eta Trikimailu.

Ekainak 25, zapatua

  • 12:30. Sagardo dastaketa eta bazkaria.
  • 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen-ematea.
  • 15:00. Mus txapelketa.
  • 16:00. Puzgarriak.
  • 16:30. Artisau azoka.
  • 20:00. Elektrotxufla.

Ekainak 26, igandea

  • 16:00. Haur jolasak.
  • 23:00. Zuhaitzaren entierroa.