Angeluko eta Gasteizko emakumeen hilketak salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean

Uztarria.eus 2016ko eka. 22a, 20:52

"Azpeitiko emakume sare batek" egin du deialdia. Plazan izango da hitzordua, 19:00etan.

Azken egunetan Angelun eta Gasteizen hil dituzten emakumeak gogoan, elkarretaratzea deitu du "Azpeitiko emakume sare batek" biharko, osteguna. Plazan izango da, 19:00etan.

Deialdiarekin batera, honako adierazpena plazaratu dute:

"Aste beltza, iluna, grisa dugu Euskal Herrian. Lau emakume erail dituzte bi gizonek. Indarkeria sexistak lau emakume hil ditu Euskal Herrian. Marga erail du gizon batek Gasteizen. Angelun (Lapurdi), berriz, tiroka hil dituzte emakume bat eta haren bi alaba, 11 eta 17 urtekoak. Aurten seivdira dagoeneko Euskal Herrian eraildakoak. Ikaragarria da! Indarkeria sexistak duen dimentsio bortitzenaren erakusle dira gertaera hauek.

Gainera, indarkeria sexistaren ondorioz akabatu izana zalantzan jartzen ari dira instituzio publiko-politikoetako ordezkari batzuk; Eusko Jaurlaritzako ordezkari Josu Erkorekaren hitzetan, "ez zegoen harreman afektiborik bien artean". Gizon batek emakume bat erail du, hori da errealitatea eta sistema heteropatriarkala du oinarri.

Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, meneko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Horregatik, indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara.

Aski da! Nazkatuta gaude! Bihar, osteguna, 19:00etan plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten dugu!".