Angeluko eta Gasteizko hilketak salatu ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko eka. 22a, 18:38

Era berean, "herritar guztiak eraso horiek salatzeko antolatzen diren kontzentrazio edota bestelako ekimenetan parte hartzera animatzen" dituzte.

Angelun eta Gasteizen gertatu diren "lau hilketa matxista bortitz eta basatiak salatu" ditu Azpeitiko Udalak gaur, ohar bidez. "Azken 24 orduotan lau emakumeren hilketen berri izan dugu eta heriotza horiekin, aurten sei dira dagoeneko Euskal Herrian indarkeria matxistak hildakoak. Hilketa horiek zein bestelako edozein eraso matxista salatzen ditu Azpeitiko Udalak", dio Udalak.

Salaketarekin batera, hildako emakumeen familiei eta gertukoei "elkartasuna ere adierazi nahi" die Udalak. Era berean, "herritar guztiak eraso horiek salatzeko antolatzen diren kontzentrazio edota bestelako ekimenetan parte hartzera animatzen" dituzte, "gure gizartearen egiturazko gaitz latz honi aurre elkarlanean egin" behar zaiolakoan.