Eguzkiñe Peñak ez du Realean jarraituko

Uztarria eta Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 21a, 20:31
Eguzkiñe Peña. (ERREALEKO NESKAK)

Aurrelari azpeitiarrak bost denboraldi egin ditu Donostiako klubaren lehen taldean, Lagun Onaketik joanda. Reala utziko badu ere, futbolean jokatzen segituko duela jakinarazi dio Peñak Urola Kostako Hitza-ri.

Eguzkiñe Peñak ez du Realean jokatuko datorren denboraldian. Klubak gaur, asteartea, jakinarazi du zein jokalarik utziko duten taldea, eta horien artean dago azpeitiarra. Peñak bost denboraldi osatu ditu Realaren talde nagusian; 2011-2012 sasoian hasi zuen orain bukatu duen ibilbidea, Lagun Onaketik joanda. Realarekin guztira 102 partida jokatu eta 15 gol sartu ditu aurrelariak.

Sare sozialetan zabaldu duen agurreko mezuan, urtebetez jarraitzeko eskaintzari uko egin diola jakinarazi du Eguzkiñe Peñak: "Erabaki zaila izan da, asko pentsatutakoa, baina nire ingurukoentzat, eta bereziki niretzat, onena Reala uztea zela erabaki nuen". Reala utziko duen arren, futbolean jokatzen segituko duela ere baieztatu dio Peñak Urola Kostako Hitza-ri.