Pablo Turrillas: "Sekulako aukera dugu igandean Lagun Onakekin historia egiteko"

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 10a, 14:47
Lagun Onak futbol taldea, igoera faseko partida batean. (Eli Aizpuru)

Espainiako 2. B mailara igotzeko fasea jokatzen ari dira Lagun Onakeko futbolariak. Igandean Murtzian jokatuko dute, Aguilas taldearen kontra; gol bateko abantailarekin doaz aurkariarenera.

"Gogorra" izango da igandeko partida Lagun Onak futbol taldearentzat, baina "baikor" abiatuko dira Murtziara (Espainia), Pablo Turrillas entrenatzailearen arabera. Gol bateko abantailarekin doaz azpeitiarrak Aguilas futbol taldearen etxera. Izan ere, 1 eta 0 irabazi zuten joaneko partida Garmendipen, larunbatean. Espainiako 2. B mailarako igoera fasea ari da jokatzen Lagun Onak, eta igandeko neurketa irabazi edo berdintzen badute, azken bi partidak faltako zaizkie mailaz igotzeko. Asteburuko neurketa galduta ere, izango dute aukeraren bat igoera fasean jarraitzeko, gol kopuruaren arabera.

Dena den, Turrillasek azaldu du igoera faseko partida guztiak direla "final handia", edozein unetan buka daitekeelako "ametsa". "Kontzientziatuta gaude, eta badakigu ezin dugula hutsik egin, edozer unetan kanpoan gera gaitezkeelako. Horregatik, oso garrantzitsua da igandean ere golak sartzea", esan du entrenatzaileak.

Aguilas taldea "beteranoa" dela azaldu du Turrillasek: "Indar handiko taldea da, eta badakite presioa egiten, mutil gogorrak dira". Hala ere, Lagun Onak "oso momentu onean" dagoela uste du entrenatzaileak, eta badaki bihar ere "defentsiboki" lan handia egingo dutela.

Albistea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean