Azpeitiar bat atxilotu dute Donostian, erraustegiaren aurkako kanpaldian

Uztarria.eus 2016ko eka. 7a, 14:17

Gaurko atxiloketen unea. (Topatu.eus)

Bost pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, eta lekukoek adierazi dutenez Antiguako komisaldegira eraman dituzte ez identifikatzeagatik. 

Azpeitiar gazte bat atxilotu dute gaur, asteartea, Donostian, erraustegiaren aurkako kanpaldian. Guztira, bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, eta lekukoek azaldu dutenez Antiguako komisaldegira eraman dituzte ez identifikatzeagatik. Abokatuek komisaldegian daudela jakinarazi dute. 

Gipuzkoa Zutik mugimenduak joan den astean hasi zuen kanpaldia, Donostiako Gipuzkoa plazan. Atzo, ekainak 6, Udaltzaingoa eta Ertzaintza joan ziren kanpaldia egiten ari ziren plazara eta han ziren lagunak kanporatu zituen. Bertan bilduta ziren herritarrek Bulebarrera mugitzea erabaki zuten orduan. Han pasatu dute gaua, eta gaur 09:00ak aldean bertaratu da Ertzaintza Bulebarreko kioskoan ziren lagunak kanporatzera. Orduan atxilotu dituzte bost gazteak.