Kanpoko igerilekua zapatuan irekiko dute

Uztarria.eus 2016ko eka. 7a, 12:55

Mikel Ibarzabal eta Estitxu Elduaien zinegotziak kanpoko igerilekuan.

Ekainaren 11tik irailaren 11ra egunero zabalduko ditu ateak, 11:00etatik 20:00etara. Aurten, eguraldiaren aurreikuspenaren arabera, denboraldia astebete gehiago ere luza dezakete. Barruko igerilekua abuztuko lehen hamabostaldian itxita izango da, urtero legez; bigarrenean, berriz, goiz eta arratsaldez irekiko dute.

Kanpoko igerilekuaren denboraldia zapatuan hasiko da, ekainaren 11n. Aurten berrikuntza batzuk izango ditu eta horiek azaltzeko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuak eta Mikel Ibarzabal batzordekideak, igerilekuan bertan.

Ekainaren 11tik irailaren 11ra egunero zabalduko ditu ateak estali gabeko igerilekuak ohiko ordutegiarekin, 11:00etatik 20:00etara. Aurten, ordea, denboraldia astebete luzatzeko aukera aurreikusten dute udal arduradunek. "Herritar batzuek eskatu digute horrela egitea, inguruko beste herrietan ere egiten dutenaren antzera. Horrela, eguraldiaren aurreikuspena ona bada, irailaren 11tik aurrerako aste horretan irekita jarraituko du kanpoko igerilekuak", azaldu zuen Estitxu Elduaienek. Kasu horretan, ordea, udako igerilekuaren denboraldia astebetez luzatuz gero, udan kanpoko igerilekuarekin lotzen duten estalitako zatia itxita egongo litzateke kanpokoaren erabiltzaileentzat, "igeriketa entrenamenduak-eta hasita egongo direlako".

Aurreko urteetan bezala, hiruhileko bazkidetza egiteko aukera eskainiko du Kirol Patronatuak kanpoko igerilekuaren denboraldiari begira; hamar saioko bonoak ere eskainiko dituzte. Horien gaineko informazio guztia igerilekuan bertan eskura daiteke (943814121 telefonoa).

Beste berrikuntza aipagarria barruko instalazioen ordutegiarekin lotuta egongo da. Urtero bezala, barruko igerilekua-eta itxita egongo dira abuztuko lehen hamabostaldian. Bigarren hamabostaldian, berriz, orain arte baino ordutegi zabalagoa izango dute aukeran erabiltzaileek: goizez bakarrik ireki beharrean, zapatuetako ordutegi berdina izango dute barruko instalazioek abuztuko bigarren hamabostaldian, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

"Eskari asko dago abuztuan zerbitzu hori handitzearen inguruan, egun horietan herrian gelditzen direnak edota lanean aritzen direnak gero eta gehiago direla kontuan izanda", aipatu zuen Elduaienek. Abuztu osoan instalazioak irekitzearen aukera, baina, "momentuz ez da posible", udal arduradunen esanetan, langileen opor egunak kontuan hartuta eta egin beharreko lanak eta egokitzapenak ere egun horietan egiten dituztelako. "Hala ere, lehen hamabostaldian hemen gelditzen direnek bermatuta dute kirol instalazio batzuen erabilera, ondoko herrietan. Azpeitiko Kirol Patronatuaren bazkide txartelarekin Azkoitira edo Zumaiara joaten direnek, doan erabili ahal izango dituzte hango instalazioak".

Ekarpen "eraikitzaileak"

Udako denboraldiaren berri emateaz gain, igerilekuko erabiltzaileen iritziak eta ekarpenak jasotzeko prozesuaren balorazioa ere egin duten atzokoan udal ordezkariek. Apirilean jarri zuten abian prozesua eta, atzo emandako datuen arabera, 60 bat lagunek hartu dute parte eta, guztira, 100 bat ekarpen eta iritzi hekarazi dizkiote Udalari.

Prozesuaren emaitzarekin "oso gustura" daudela eta "erantzuna oso positiboa" izan dela adierazi zuen Kirol batzordeburuak. "Oro har, jendeak dagoena ondo baloratu du eta egin dituzten ekarpenak eraikitzaileak izan dira. Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei, zintzo jokatu dutelako eta instalazio hauek hobetzeko moduko ekarpenak egin dituztelako". Proposamenak "banan-banan aztertu" ondoren, ekarpenak egin dituztenei ere banan-banan erantzuten hasiak direla azaldu zuen Elduaienek; erantzun guztiak datorren astean publiko egingo dituztela aurreratu zuen, "jendeak ikus dezan zer-nolako ekarpenak egin diren eta horiei nola erantzuteko asmoa dugun". Ekarpenak egin dituzten guztiengana ezin direla iritsi ere esan zuen, ordea, zinegotziak, Internet bidez egin zutenen harremanetarako daturik ez daukatelako.