Jon Abril zuzendaria izango da Soreasun 'Neskatoak' dokumentala aurkezten

Bizimodu hobe baten bila, herritik joandako emakume langileen bizipenak kontatzen dituen dokumentala da. Parekidetasun sailak, Emakume Txokoak, Paradisu Zinema Zineklubak eta Sanagustin kulturguneak elkarlanean antolatu dute. 21:00etan hasiko da, Soreasu Antzokian.

Jon Abril Olaetxea beratarrak zuzendutako Neskatoak dokumentalak 1940 eta 1970 urteen artean Ipar Euskal Herrira eta Frantziako beste hainbat tokitara lanera joandako emakumeen bizipenak jaso ditu. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia atzean utzi, eta bizimodu hobe baten bila joan ziren. Batez ere, etxe onetan “interna” moduan eta hotel eta jatetxeetan zerbitzari eta sukaldari lanetan aritu ziren. Baldintza gogorretan aritu behar izan zuten emakume hauek, 12 eta 14 orduko lan-jardunetan; kontraturik eta paperik gabe anitzetan; eta pasaporterik gabe, muga gordeka pasa behar izan zuten askok.

Baztan-Bidasoako 15 emakumeren bizipenak biltzen ditu dokumentalak, 70 minutuan. Euskaraz sortua da.

Dokumentalak Donostia2016ko Energia Olatuak programaren babesa jaso du, eta Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ere lagundu du.

Parekidetasun sailak, Emakume Txokoak, Paradisu Zinema Zineklubak eta Sanagustin kulturguneak antolatuta.