Usurbilgo Lanbide Eskolarekin hitzarmena sinatu du Udalak, energia kontuetan elkarlanean aritzeko

Uztarria.eus 2016ko mai. 17a, 19:02

Aitor Bereziartua eta Leire Goenaga zinegotziak, Oier Aranzabal eta Eneko Etxeberria, udaletxeko terrazan jarritako eguzki-panelen ondoan.

Aholkularitza eta zerbitzu teknikoak eskainiko dizkio heziketa zentro horrek Udalari, besteak beste, udal instalazioetan energia berriztagarriak txertatzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko.

Maiatzeko udalbatzarrean aho batez onartutako elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten joan den astean Azpeitiko Udalak eta Usurbilgo Lanbide Eskolak; Eneko Etxeberria alkatea eta Oier Aranzabal lanbide eskolako zuzendaria izan ziren sinatzaileak. Energiaren kudeaketa da hitzarmenaren ardatza. Gai horretan erreferentziazko zentroa da Usurbilgoa Gipuzkoan; aholkularitza eta zerbitzu teknikoak eskainiko dizkio Udalari, besteak beste, udal instalazioetan energia berriztagarriak txertatzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko. Zerbitzu horien truke 4.000 euro ordainduko dizkio Udalak Usurbilgo Lanbide Eskolari.

Sinadura ekitaldian, Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak azaldu zituen hitzarmenaren xehetasunak. "Azpeitiko Udalak efizientzia energetikoa hobetzeko bidean hainbat ideia eta lan eginda ditu. Hala, Energia plan baten baitan eman ditu azken pausoak. Etorkizunera begira jarrita, ordea, baditu erronkak ere begi-bistan. Bide horretan eskainiko digu bere aholkularitza eta prestakuntza teknikoa Usurbilgo Lanbide Eskolak", adierazi zuen. Erronken artean aipatu zituen, adibide gisa, Udaltzaingoaren auto elektriko berria erabat burujabe izateko aukera, igerilekuko energia kontsumoa jaisteko eta energetikoki eraginkorragoa izateko beharra, eta Soreasun ere energia-eraginkortasunaren aldeko apustua gauzatzea. "Bide horretan -gaineratu zuen Bereziartuak-, Usurbilgo Lanbide Eskola eta Azpeitiko Udala bidelagun onak izan gaitezkeela uste dugu. Hitzarmen honetan zehazten dugun bezala, Energia Planaren baitan udal-instalazioetan energia berriztagarrien txertatze prozesuan eta energiaren erabilera eraginkortzeko prosezuan, aholkularitza eta prestakuntza teknikoa emateko jakinduria eta baliabideak eskainiko baitizkigute".

Etxeberria alkateak sinatu aurretik nabarmendu bezala, heziketak ere badu tartea hitzarmenean. Horrela, prestakuntza ikastaroak eta jardunaldiak antolatzea ere aurreikusten dute, udal hautetsiek eta teknikariek udaletxearekin zerikusia duten lanak eta proiektuak garatzeko gaitasuna areagotu dezaten, batetik; eta herritarrek gaiaren inguruan ezaguera teoriko-praktikoa jaso dezaten.