Udalak energia kontsumoa %3,1 murriztu zuen 2015ean

Uztarria.eus 2016ko api. 20a, 19:49

Iazko kontsumo osoaren %69a udal eraikin publikoena izan zen eta %31, berriz, herriko argiteriarena. Hala ere, 2014an ordainduarekiko %1,2 gora egin zuen gastuak iaz, "energiaren prezioak gora egin duelako".

2014arekin alderatuta, udal eraikinen eta kaleko argiteriaren energia kontsumoa %3,1 murriztu zuen Azpeitiko Udalak. Datua xehetuta, iazko energia kontsumoaren %69 udal eraikin publikoena izan zen eta %31, berriz, herriko argiteriarena. Eraikin publikoen artean, igerilekua da kontsumo handiena duen azpiegitura; Udalaren ardurapeko energia kontsumo osoaren %47a eragiten du kirol azpiegitura horrek. Ondoren, hezkuntzara bideratutako eraikinek dute kontsumo altuena, %25. Udal bulegoek, berriz, kontsumo osoaren %8a erabiltzen dute. "Bagenekien igerilekua dela, askogatik, energia gehien kontsumitzen duen azpiegitura. 2014an, igerilekuan energia aurrezteko proiektu pilotoa jarri genuen abian. Baina igerilekuko energia kontsumoa murrizteko neurri gehiago ere hartuko ditugu epe motzean”, aurreratu du Aitor Bereziartua zinegotziak.

Joan den urteko energia kontsumoak utzitako datuen balorazioa egiterakoan, "pixkanaka, gutxinaka, han eta hemen neurriak hartuz, Udalak energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriaren bidez funtzionatzeko konpromisoa" duela dio Bereziartuak. Azken urteotan Udalak bere azpiegituren eta kaleko argien kontsumoa "zorrotz" neurtzen duela nabarmendu dute udal arduradunek, Azpeitia 2025 Plan Estrategikoan jasotakoaren ildoak jarraituz. "Bertan, eraginkortasun energetikoa, kontsumoaren murrizketa eta energia berriztagarrien ezarpenarekin lotutako ekintza eta neurri desberdinak aurreikusten dira. Bide horretan, lehen lanak ari dira bere fruituak ematen, eta epe motzean abian jartzeko beste neurri batzuk ere eskuartean ditu Udalak".

Gastua gora, hala ere

Energia kontsumoaren murrizketarekin batera, negutegi efektua eragiten duten gasen isuria ere "nabarmen jaitsi" du Udalak. Gaur eman dituen datuen arabera, 2015ean gas isurketak 2014an baino %11,8 gutxiago izan ziren, "elektrizitate berdearen kontratazioak eta gas naturalaren kontsumoa jaisteak eraginda".

Kontsumoak eta kutsadurak behera egin badute ere, gastuak %1,2 egin du gora, "energiaren prezioak gora egin duelako", Udaleko arduradunek azaldu dutenez. Hala, iaz 751.148 euroko gastua eragin zion energia kontsumoak Udalari, 51,5 euro azpeitiar bakoitzeko.