Xaputarrak A taldea Gipuzkoako Taldekako Xake Ligako bigarren mailara

Uztarria.eus 2016ko api. 12a, 13:19

Fortuna B taldearen aurka 0,5-3,5 irabazita, igoera faseko lehen postuan sailkatu da Xaputarrak A taldea. Horrenbestez, bigarren mailaz igo dira azpeitiarrak. 

Gipuzkoako Taldekako Xake Liga amaitu da joan den asteburuan eta emaitza onekin itzuli dira azpeitiarrak. Izan ere, Xaputarrak A taldea bigarren mailara igo da.

Bukatu berri den denboraldian, Azpeitiko xake jokalariak hirugarren mailan aritu dira lehian, bi taldetan banatuta: Xaputarrak A taldea eta Xaputarrak B taldea. Azken horiek ezin izan zuten lehenengo fasetik haratago joan baina Xaputarrak A taldea igoera faseraino iritsi da eta lehen postua lortu du.

Ligako azken partida Donostian jokatu zuten azpeitiarrek Fortuna B taldearen aurka. Horiei 0,5 eta 3,5eko emaitzaren irabazi zieten Xaputarrak A taldeko kideek. Emaitza hori, baina, ez zen izan alde izan zuten bakarra. Izan ere, azken jardunaldia jokatu aurretik bigarren sailkatua zen Azpeitiko taldea eta lehen eta bigarren sailkatuak, Billabona C ea Gros I, elkarren aurkako partidak zituzten aurretik. Horiek lortu zituzten emaitzekin (Gros I 1,5- 2,5 Billabona C) eta Fortuna B taldeari irabazi ostean, lehen postuan sailkatu zen Xaputarrak A. 

Hemen Gipuzkoako Taldekako Xake Ligako hirugarren mailako sailkapena:

1. Sailkatua: Xaputarrak A taldea 13,5 punturekin

2. Sailkatua: Billabona C taldea 13 punurekin

3. Sailkatua. Gros I taldea 10,5 punturekin

Xaputarrak A taldean aritu dira Aitor Priya, Patxi Isasmendi, Alberto Urkia, Eneko Alberdi, Aitor Elustondo eta Juan Carlos Fernandez. Guztien parte hartzea garrantzitsua izan da igoera lortzeko.

Xaputarrak B taldeako partaideak, aldiz, Iñaki Uranga, Gorka Uranga, Aner Alonso, Luis Andoni Lazkano, Unax Gaztañaga eta Daniel Veselinov izan dira. Nahiz eta lehen fasetik ez ziren pasa, hurrengo denboraldira begira itxaropentsu daude.

Azpeitiko Xake Taldeak eskerrak eman dizkio Udalari, euren beharrei "erantzun ona" eman dielako. Izan ere, lokal handiago bat erabiltzeko aukera eman die Udalak eta hemendik aurrera Baigerako azken solairuan jokatuko dituzte partidak.