Emakume errefuxiatuen egoera

Emakumeen Mahaia 2016ko mar. 18a, 17:13

Heldu da 2016. urtea eta, oraindik ere, milaka dira mundu osoko emakumeok, emakume izateagatik, pairatzen ditugun bazterkeria, esplotazio eta indarkeria egoerak.

Horra hor, esaterako, egunero-egunero beren etxe eta bizimodua atzean utzi behar izaten dutenen egoera: sorterria utzi, eta beste herrialdeetara jo behar izaten dute babes bila. Azkenaldian (eta ikusteko dago noiz arte), sarri agertzen zaizkigu notizietan horrelakoak. Gogora ekarri beharra dago, ordea, egoera larri baino larriago horretan emakumeak eta neskatoak direla, berriro ere, sufrikario latzenak pairatzen dituztenak.

Amnistía Internazionala erakundeak txostena argitaratu berri du. Bertan jasotzen denez, emakume eta neskato errefuxiatuek eraso fisikoak, esplotazioa eta sexu-jazarpena pairatzen dute Europan zeharreko beren bidaia osoan zehar. Gobernuz kanpoko erakunde horrek jasotako testigantzen arabera, igaro dituzten herrialde guzti-guztietan gertatzen dira erasoak; erasotzaileak izaten dira bidean aurkitzen dituzten gizonak (berez emakumeak babestu beharko lituzketen horiek) eta baita egiten ari diren errefuxiatu bidaideak ere.

Kontua, ordea, ez da atzo goizekoa. Erdialdeko Amerikatik AEBetara joateko migrazio-prozesuari ekiten dioten emakumeen %70 bortxatu egiten dituzte bidean. Hain da agerikoa kontua, ibilbideari ekin aurretik iraupen luzeko antisorgailua jarri ohi dutela emakumeek: 'Anti Mexiko injekzioa'. Heldu zein nerabe, badakite bortxatu egingo dituztela, bidaiaren arriskuetako bat da hori. Beste aldean 'patronak' daude: elikagaiak, laguntza eta elkartasuna hornitzen dizkiete 'burdinezko piztia' izeneko trenean Mexikotik igarotzen diren etorkinei. Herioaren aurrean, bizia.

Gauza bera gertatzen zaie Afrikako emakumeei ere, 'etorkin ekonomiko' deitutako horiei. Bizia arriskuan jartzen dute, muturreko pobreziatik eta bizi-baldintza jasanezinetatik ihesi. Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan sartuta, edota igaro behar dituzten herrialdeetan barrena, bidean aurkitzen dituzten gizonengandik edozein motatako indarkeria pairatzeko arrisku etengabean bizi dira.

Harrera bermatu behar diegu etorkin guztiei, eta muzin egin behar diegu desberdinenganako beldurra darabilten diskurtsoei. Seme-alabak altzoan eta beren puska apurrak bizkarrean dakartzaten emakume eta gizon horiek ikusten ditugunean, pentsa dezagun gu ere izan gintezkeela egoera haietako bat. Emakumeok ondo baino hobeto dakigu zer den bigarren mailan egotea, baztertuta bizitzea; horregatik, hain zuzen ere, mendeak daramatzagu patriarkatu-sistema salatzen, hori baita emakumeon eta gizonen arteko desberdintasunen oinarria.

Nazioarteko komunitateak errespetatu egin behar ditu migrazioari eta babesa emateari buruzko nazioarteko itunak eta EBeko arauak. Ibilbide seguruak bermatu behar dizkie asilo eske datozen guztiei. Eta erakunde humanitarioek aukera izan behar dute kontrolatzeko errefuxiantuentzako harrera-eremuetan edota indarkeria pairatzen duten beste tokietan dauden emakume eta neskatoen egoera.

Adierazitako guztia dela eta, Emakumeen Mahaiak herritarrei dei egiten die, martxoaren 21ean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Egunaren harira, eta errefuxiatuen egoera kontuan izanik, herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatu dituzten ekimenetan parte hartzera.