Maiatzaren 24 eta 26an izango da aurtengo Mendi Tour jaialdia

Uztarria.eus 2016ko mar. 17a, 12:28

Mendi Film jaialdiko antolatzaileak eta laguntzaileak, aurtengo edizioaren aurkezpenean.

Mendi Astearen bueltan antolatu dute egitasmoa aurten ere. Guztira, Bilbao Mendi Film Festibalean emandako sei film izango dira ikusgai Soreasun. Sarrerak 5 eurotan erosi ahal izango dira eta bi egunetarako bonoa ere izango da eskuragarri, 8 euroren truke.

Aurten bigarrenez antolatu dute Mendi Tour jaialdia Sokaitz Eskalda taldeak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Paradisu Zinema Zineklubak eta Sanagustin kulturguneak, Mendi Astearen bueltan, Udalaren laguntzarekin. Maiatzaren 24ean eta 26ean, asteartean eta ostegunean, izango da aurtengo Mendi Tour, eta egun bakoitzean Bilbao Mendi Film Festibaleko filmerik onenetariko hiru ikusteko aukera izango da.

Maiatzaren 24ean honako film hauek eskainiko dituzte: Eclipse, Urzulo eta A line across the sky (2015 BMFF eskaladako film onena). Maiatzaren 25ean, aldiz, Dominica, High and Mighty (2015 BMFF film labur onena) eta Jeff Lowe's Metanoia. Emanaldi guztiak Soreasun izango dira, 21:00etan hasita. 

Bi egunerako bonoa

Egun bakoitzeko sarrerak 5 eurotan erosi ahal izango dira. Bi egunetan joatea nahi dutenek, ordea, bi saioetarako bonoa erosteko aukera izango dute, 8 euroren truke. Bonoak aurrez erosi ahal izango dira, Sanagustin kulturgunean eta Mendizale Elkartean.