Ikastolako kide ohien topaketa egingo dute zapatuan Ikasberrin

Uztarria.eus 2016ko mar. 17a, 11:52

Ikastolatik bisita, Ikastola 50+ bideo emanaldia eta mokadutxoa izango dira, besteak beste. 

Datorren zapatuan, martxoak 19, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasle ohien topaketa izango da. "Bertan Ikastolaren inguruko mila pasadizo, mila oroitzapen eta beste horrenbeste kontu kontatzeko aukera izango dugu. Ikastolatik bisita egingo da eta bideo emanaldia ere izango da, mokadutxo goxo baten inguruan", azaldu dute Ikasberriko ordezkariek.

Aurten Ikastolaren 50. urteurrena da eta horren harira antolatu dute topaketa. Izan ere, azaldu dutenez, "Urola bailaran Ikastola proiektuak 50 urte eta gehiago bizirik eta indartsu jarraitzeko ezinbestekoak izan dira eta dira ikasle ohiak". 

11:30ean ongi etorria izango da eta jarraian argazkia aterako dute. 11:45ean bisita egingo dute Ikastolatik eta behin amaituta, Ikastola 50+ bideo emanaldia eskainiko dute. 13:30ean mokadutxorako tartea izango da.