Bi bertsolari azpeitiar Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren azken kanporaketarako

Uztarria.eus 2016ko mar. 15a, 19:24

Iker Letamendia eta Imanol Albizu Azkoitian ariko dira etzi, osteguna, 19:00etan hasita Iraurgi Elkartean eta bertso afari formatuan jokatuko den saioan.

Gipuzkoako XXXVI. Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren bosgarren eta azken kanporaketa jokoan izango da ostegunean, martxoak 17, Azkoitian. Iraurgi Elkartean izango da hitzordua, 19:00etan. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat antolatzen duen txapelketaren finala erabakiko duen saio horretan sei bertsolari lehiatuko dira, eta horietatik bi azpeitiarrak dira: Iker Letamendia eta Imanol Albizu. Lierni Rekondo (Lasarte), Naroa Agirre (Urnieta), Itziar Mendia (Beasain) eta Urko Arregi (Oñati) izango dira azpeitiarren lehiakideak.

Kanporaketa bertso afari formatuan jokatuko dute. Afarian parte hartu nahi duten bertsozaleek Bertsosarrerak.eus webgunean eskura ditzakete txartelak, asteazkena baino lehen.

Aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa otsailaren 12an hasi zen Legazpin eta finala apirilaren 17an izango da, Eibarren.