Kultur bonoak, agortuta

Uztarria.eus 2016ko mar. 15a, 14:35

Ezkerretik eskubira, Oihana Elduaien (Kultur Mahaia), Aitor Bengoetxea (Sanagustin kulturgunea), Ainara LarraƱaga (Udala), Maite Maiz (Kultur Mahaia) eta Josu Labaka (Udala), Sanagustinen.

Abenduan jarri zuten salgai kultur bonoa "kultur ekitaldien kontsumoa sustatzeko, Azpeitiko kontsumoa bultzatzeko eta herritarrek abantaila ekonomikoak izateko" helburuarekin. Otsaila amaitzerako agortu ziren bonoak. 

Laugarren urtez jarraian, kultur bonoa jarri zuen herritarren eskura Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak, Udalaren laguntzarekin. Iazko abenduan jarri zen salgai eta otsaila amaitzerako bono guztiak saldu ziren. 

Sanagustin Kooperatibako ordezkariek azaldu dutenez, "bonoaren bitartez kultur ekitaldietara joateko erraztasuna ematea da helburuetako bat eta emaitzek berresten dute erabiltzaileek aprobetxatu egiten dutela aukera hori". Saldutako bono kopuruaren %69a deskontu bidez saldu da; hau da, erdi prezioan. Gazteak izan dira gehien erosi dutenak (%54,5) eta hori "berri pozgarria" dela uste dute Sanagustineko ordezkariek. 

Beste hainbat daturen berri ere eman dute: Saldu diren bonoen %30,5a bono orokorrak izan dira, deskonturik gabeak. Deskontudunak, aldiz, %69,5 izan dira. Horietatik %37a gazte txartelaren bidez eskuratutakoak, eta %17a ikasle txartelarekin erositakoak. Jubilatuen deskontuarekin %3,5a erosi da eta langabetuenarekin %7,9a. Zozkatutakoak %3,5a izan dira. 

"Elkarlanetik abiatuta"

Kultur Bonoaren helburuak "kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea, Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin eta herritarrek bonoaren bitartez abantaila ekonomikoak izatea" dira, Sanagustin Kooperatibako ordezkarien hitzetan. 

"Egitasmo honetan bat egiten dugu Azpeitiko Udalak eta Sanagustin Azpeitiko kulturgunea Kooperatiba Elkarteak, elkarrekin egiten dugun Egutegi Bateratuaren eskaintza jarraituz", azaldu dute. Deskontuaren %50a Udaleko gizarte sailak hartzen du bere gain eta beste %50a kooperatibak. Horren harira, adierazi dute "elkarlana dela garrantzitsua horrelako proiektuetan, indar metaketa".

Bestalde, eskerrak eman dizkiete Kultur Bonoaren erabiltzaileei: "Eskerrak eman nahi dizkiegu bonoa erabiltzen duten herritarrei eta ahalik eta gehien erabiltzera animatzen ditugu. Izan ere, kulturak batu egiten gaitu, kulturak hezi egiten gaitu eta kulturak hazi egiten gaitu, norbanako gisa eta herri gisa".