Lapurreta egin diete kalean adineko bi emakumeri

Uztarria.eus 2016ko mar. 11a, 17:43

Bi lapurretak asteazken gauean gertatu ziren, Sanjuandegin eta Arana kalean, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Ikertzen ari dira poliziak eta pertsona berak egin zituela uste dute.

Ertzaintza joan den asteazken gauean Azpeitian gertatutako bi lapurreta ikertzen ari da. Bi lapurretak gauez, 22:00ak eta 22:15ak artean, jazo ziren eta biktimak adineko bi emakume izan ziren. Gertaeren gertutasunak, erasotzaileen deskribapenak -30 eta 40 urte bitarteko gizonezkoa- eta lapurreta egiteko moduak kontuan hartuta, bi lapurretak pertsona berak egin zituela uste dute ikertzaileek.

Sanjuandegin eta Arana kalean gertatu ziren erasoak. Bi kasuetan, emakumeei poltsak lapurtu zizkieten, atzetik segika joanda, bati kalean eta besteari karrera sarreran. Bietan, gainera, adineko emakumeak bultzaka ibili zituzten eta biek jaso zituzten kolpeak. Emakumeetako bat anbulatoriora ere eman behar izan zuten.

Gertaera horien ondorioz, zenbait aholku eman dituzte ertzainek: karrerako atea ez irekitzea ezezagunei; karrerara sartzerakoan tentuz ibiltzea, eta giltza prestatuta eramatea; ezezagunekin igogailura ez sartzea; eta, lapurretaren bat jasanez gero, lapurraren ezaugarri fisikoekin oroitzen saiatzea. Horrez gain, lapurretaren bat izateko arriskua ikusiz gero, 112ra deitzeko eskatu dute.