Trikitia instrumentu ezberdinekin uztartzeko asmoarekin dator aurten sanjosetako jaialdia

Uztarria.eus 2016ko mar. 11a, 15:10

Ezkerretik eskubira, Josu Arrizabalaga 'Izer', Ainara LarraƱaga, Josu Labaka, eta Andoitz eta Larraitz Antzizar, aurtengo jaialdiaren kartelarekin.

Martxoaren 19an, San Jose egunez, egingo dute aurtengo ekitaldia, Soreasu antzokian. Trikitilariez gain, beste instrumentu batzuk jotzen dituzten talde eta norbanakoek hartuko dute parte jaialdian. 

2016ko Sanjosetako Trikiti Jaialdia aurkeztu dute gaur, ostirala, udaletxean. Martxoaren 19an, San Jose egunean, izango da aurtengo jaialdia. Soreasu antzokian eskainiko dute emanaldia, 17:30ean hasita.

Jaialdiaren aurtengo helburua "trikitia instrumentu ezberdinekin uztartzea" dela azaldu du Josu Arrizabalaga Izer Euskal Herriko Trikiti Elkartearen lehendakariordeak, eta horretarako talde eta norbanako ezberdinekin harremanetan jarri direla. "Soinua gainerako instrumentuekin nahastu eta soinu politak ateratzea posible dela erakutsi nahi dugu", azaldu du Arrizabalagak. Andoitz Antzizarrek, aurkezpenean parte hartu duen elkarteko kideak, "eskerrak" eman dizkio Udalari eta azaldu du jaialdiaren oinarria "trikitiaren ondarea biltzea" dela.

Aitor Furundarena, Garikoitz Mendizabal eta Imanol Urkizu, Huntza taldea, Haize-t, Landatarrak, Ametsak Margotuz, Juan Mari Beltran, Andoitz Antzizar eta Errege Beltza, eta Koldo Iparragirre eta Igor Arostegi izango dira jaialdian parte hartuko dutenak. Trikitiaz gain, hainbat instrumentu izango dira protagonista aurtengo jaialdian: tuba, saxofoia, biolina, bonbardinoa, bateria eta gitarra, besteak beste. Adin guztietako herritarrak "harrituta" utziko dituen ikuskizuna izango dela adierazi du Josu Arrizabalagak.

Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak adierazi duenez, "Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak egiten duen lana balioan jarri beharrekoa da. Ez soilik elkarteak egiten duena, baita bestelako talde eta norbanakoek egiten dutena ere". Horrez gain, Labakak esan du "horrelako ekitaldi berritzaileekin aurrera egiteko pausoak ematen" ari direla eta "izugarria" dela horretarako egiten duten ahalegina.

Sarrerak eskuragarri

Sarrerak martxoaren 14tik aurrera eskuratu ahal izango dira, 12 euro ordainduta: Azpeitian, Mendizabalen, Pastorkuan eta Berdien; eta Azkoitian, Ixidron. Bestalde, trikitixa@trikitixa.net helbidera idatzita edota 943-83-28-28 telefono zenbakira deituta ere eskuratu daitezke. Erreserbak egunean bertan 16:00etatik 16:30era jaso beharko dira, Soreasuko leihatilan.