32 urte, eta atzo balitz bezala

Gipuzkoako Hitza 2016ko mar. 11a, 13:55
Peio Aizpuru eta Arantxa Isart, Kurrori eta Pelitxori eskainitako oroitarriaren ondoan, Azpeitian (Julene Frantzesena).

Martxoaren 22an, 32 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zela. Egun hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek.

Hainbeste urte pasatu arren, kasua argitzeke dago oraindik; are gehiago, auzia artxibatu du Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, "delitu zantzuak badaude ere, nork egin zuen ez delako frogatu". 1984ko martxoaren 22an Pasaian hildako Kurroren eta Pelitxoren anaia eta arreba dira, hurrenez hurren, Peio Aizpuru (Azpeitia, 1963) eta Arantxa Isart (Azpeitia, 1958). Haiek diotenez, "garai hartan bezalaxe, pena, inpotentzia eta amorrua" sentitzen dituzte, "berdin" jarraitzen dutelako. "Urteak pasatuta eta froga nahiko garbiak egonda, ulertezina da kasua ezin dela argitu entzutea", dio Isartek. Ildo beretik hitz egin du Aizpuruk ere: "32 urte pasatu dira, baina atzo balitz bezala da guretzat. Senideak hil zituztenetik izan dugun ezina eta sufrimendua latzak izan dira, eta horiek gainetik kendu ezinik gaude".

"Ikertzeko interes falta"

Joan den otsailaren 27an, agerraldia egin zuten segadan hildakoen senideek, Pasai Donibanen. Han Miguel Castells abokatuak esandakoa ekarri du gogora Aizpuruk: "Franco hil zenetik egon den estatu krimenik handiena da hau, eta kontua da estatuak eta Poliziak inoiz ez duela beren burua ikertzen. Ikerketa haien esku denez, dena esana dago". Hala uste du Isartek ere: "Poliziak deklaratzera deitu dituztenean, bat ez zegoela han, bestea ez dakit non zela… Espainiako Gobernua dago tartean nahastuta, Polizia inplikatuta, eta nola ikertuko dituzte, ba, beren buruak! Hilketa batzuk daude tartean".

Erreportajea osorik, Gipuzkoako Hitza-ren webgunean