Errenkadan iritsi dira lehen garaipenak

Urola Kostako Hitza 2016ko mar. 9a, 11:55
Uria, Bereziartua, Lizarazu, Markovic eta Etxeberria (Eneritz Albizu)

Azken bi jardunaldietan bi garaipen lortu dituzte Rioja Añares Iraurgi saskibaloi taldeko emakumeek. Lau partida falta dira denboraldia bukatzeko, baina mailaz jaitsi dira dagoeneko.

Matematikoki Espainiako Emakumeen Lehen ligatik at gelditu, eta segituan iritsi dira garaipenak Rioja Añares ISB taldearentzat. Iraurgi saskibaloi taldeko neskek bi partida irabazi dituzte astebetean, Uni Ferrolen eta Embutidos Pajariel Bembibreren kontra. Denboraldi hasieran helburu bat jarri zuen Joseba Lizarralde Rubio entrenatzaileak: partida bat baino gehiago irabaztea. Beraz, lasai lo egin dezakete jada jokalariek, nahiz eta lehen partida irabazi ostean, bat edo bestek bi egun igaro dituen lorik egin gabe.

Lau partidaren ostean bukatuko da Lehen Mailan jokatzeko ametsa, baina "gustura" daude jokalariak, berez dagokien ligan lehiatuko direlako datorren denboraldian, Bigarren Mailan. Dena den, "esperientzia ahaztezina" izan dela azaldu dute taldeko Intza Lizarazu azkoitiarrak, Eider Bereziartua, Irati Etxeberria eta Naroa Uria azpeitiarrek eta Marina Markovic serbiarrak. Lehen garaipena liga irabaztea bezain hunkigarria izan zela esan dute. "Guretzat telebistan soilik ikusten genituen pertsonak ziren Lehen Mailako jokalariak, eta lortu dugu haiei irabaztea", esan du Bereziartuak.

Artikulu osoa, Urola Kostako Hitza-ren webgunean