Emakume eta errealitate anitz Azpeitiko Martxoaren 8an

Uztarria.eus 2016ko mar. 8a, 20:55

Emakumeen Nazioarteko Egunean plazara irten dira aurten ere Azpeitian, emakumeen errealitatea eta errealitateak aldarrikatzera. Emakume anitz, errealitate anitz izan da aurten Martxoaren 8rako egitasmoak antolatzeko elkartu diren herriko eragileek -Baigera, Duintasuna, El Amal, Elkar-ekin, Ernai eta Gaztetxea- hautatutako leloa, eta lelo hori zuen pankartaren atzean elkartu da hainbat herritar, plazan egin duten kontzentrazioan. Aurretik, Sanagustin kulturgunean, kafe-te tertulia egin dute. Herriko espazio eta elkarte ezberdinetan genero ikuspuntua txertatzeko hartzen ari diren neurrien berri eman dute, batetik, zenbait taldetako ordezkariek; ondoren, mahaien bueltan multzoka banatuta, indarkeria matxista, prekarietatea eta pobrezia, zaintza eta parte-hartzea hizpide hartuta iritzi trukean aritu dira parte-hartzaileak.