Aldarrikapenak kalera

Uztarria.eus 2016ko mar. 8a, 11:36

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, martxoak 8. Horren harira, Azpeitiko ikastetxe guztietako hainbat neska kalera irten ziren joan den ostiralean, "edertasun ereduari kritika egiteko". Udalak eta Arremanitz elkarteak martxan duten hezkidetza planaren baitan antolatu zuten ekimena. 

"Ekimen horren bidez, ezartzen zaigun edertasun eredua erreproduzitzean hartzen ditugun jarrerak irudikatu genituen. Etengabe makilatzea, etengabe kirola egin eta gure pisuari begira egotea edota kanpo itxurari sekulako garrantzia eman eta etengabe argazkiak ateratzen egotea, ondoren sare sozialetara igotzeko", azaldu du Olatz Izagirre Arremanitzeko kideak. Bestalde, salatu zuten "sexismoaren ondorioz oraindik emakumeekin lotzen diren lanak, zaintza eta garbiketa kasu, errekonozimendu gabeokoak direla".

"Emakume eredu bakarraren irudia jasotzen dugu alde guztietatik. Telebistan, aldizkarietan edota filmetan emakume argalak, ile luzea eta titi handiak dituztenak ikusten ditugu, makilaiaz gainezka. Argazki gehienetan photoshop erabiltzen dute, errealak ez diren irudiak salduz", azaldu du Olatz Izagirrek. Gaineratu du "kalean begiratzen badugu bakoitzaren neurriak ezberdinak" direla eta "pertsona adina eredu" daudela. Hori zen ostiraleko ekintzarekin aldarrikatu nahi zutena. "Ezarritako eredu horiekin amaitu eta garen bezalakoak maitatzea. Gure gorputzak gureak direla aldarrikatu eta gure gorputzekin harreman sanoa eraikitzearen beharra azpimarratu nahi dugu", adierazi du Izagirrek.