Unai Mendizabalek irabazi du VIII. Erniarraitz Sariketa

Uztarria.eus 2016ko mar. 5a, 10:52

Atzo, ostirala, jokatu zen VIII. Erniarraitz Sariketako finala Azpeitiko gaztetxean eta Unai Mendizabal zizurkildarrak jantzi zuen aurtengo Erniarraitz Sariketako txapela. Bigarren sailkatu zen Amasako Oihana Iguaran eta hirugarren gelditu zen Jon Gurrutxaga azpeitiarra. Gemma Urteaga, Amaia Iturriotz eta Aitor Salegi bertsolariak ere aritu ziren kantuan, Ane Iriondo gai-jartzaile zutela. Bertsolarien lana epaitzen, aldiz, Leire Ostolaza, Oihana Aranguren eta Xabier Azpillaga aritu ziren.

Hemen atzoko saioaren sailkapena eta puntuazioak:

1- Unai Mendizabal 279 puntu.

2- Oihana Iguaran 278,5 puntu.

3- Jon Gurrutxaga 269,5 puntu.

4- Amaia Iturriotz 267,5 puntu.

5- Gemma Urteaga 265,5 puntu.

6- Aitor Salegi 261,5 puntu.

Hiru sari

Guztira hiru sari banatu zituzten atzoko finalean. Lehen sailkatuak, Unai Mendizabalek, txapela eta Azpeitiko Udalak emandako 300 euro eskuratu zituen. German Zelaia Erniarraitz bertsozale elkarteko sortzaileetako batek jantzi zion txapela Mendizabali eta Ainara Larrañaga zinegotziak eman zion Azpeitiko Udalaren izenean saria. Unai Mendizabali txapela jantzi ostean, bertsotan aritu zen Zelaia. 

Bigarren sailkatuak, Oihana Iguaranek, Maxixatzenen oroigarria eta Erniarraitzek emandako 250 euro jaso zituen. 

Azpeitiko gaztetxeko kideek beste sari bat ere banatu zuten atzo, bertso onenaren saria, eta Unai Mendizabalek eskuratu zuen zortziko txikian abestutako bertso batekin.

Hurrengora arte 

Goraino bete zen atzo gaztetxea VIII. Erniarraitz Sariketako finalean, azken urteetan jokatutako final guztietan bezala. Bi urtetik behin jokatzen da Erniarraitz Sariketa, beraz, 2018ra arte itxaron beharko dute bertsozaleek Erniarraitz Sariketako IX. edizioko kanporaketak hasteko.