Aho batez onartu du Udalak Pasaiako segadan hildakoen familien mozioa

Uztarria.eus 2016ko mar. 2a, 17:16

Kasuan parte hartzen jarraitzeaz gain, "egia jakiteko eskubidea dugula defendatzea" eskatu diote Udalari "eta, beraz, auzia ez artxibatzeko eskatzea". "Guztiz baztertuta sentitzen gara. Kasu honekin inork ez du ezer jakin nahi", esan zuen udalbatzarrean hitza hartu zuen Pello Aizpuruk, Dionisio Aizpuru Kurro-ren anaiak.

Dionisio Aizpuru Kurro-ren eta Pedro Mari Isart Pelitxo-ren familiek eta lagunek Pasaiako segadaren auzia ez artxibatzeko eta kasuarekin aurrera jarraitzeko babesa eskatuz aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten atzo, asteartea, martxoko udalbatzarrean.

Kurroren eta Pelitxoren senitarteko batzuk udaletxeko areto nagusian zirela onartu zuten mozioa udal ordezkariek. Guztien izenean, Kurroren anai Pello Aizpuruk hartu zuen hitza. Joan den otsailaren 3an, beste behin, kasua artxibatzea erabaki zuen Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak. Erabaki horren aurrean helegiteak aurkeztu badituzte ere -tartean auziko abokatuak eta Azpeitiko Udalak-, auzia artxibatuko denaren ustea dute familiakoek. "Senide bezala, oso krudela iruditzen zaigu. 32 urte pasatu ondoren, eta dauden testigantza eta datu guztiekin, 113 bala zulo, Pelitxok 28 eta Kurrok 36... Oso zaila da deskribatzen", azaldu zuen Pello Aizpuruk. "Bizikidetzaz eta bakeaz hainbeste hitz egiten denean, guztiz baztertuta sentitzen gara. Azpeitiko Udalaren eta herriaren babesa badugu, baina beste inorena ez. Eta hau ere gertatu zen", esan zuen. Gogora Institutuarekin eta Eusko Jaurlaritzaren biktimen arloko sailarekin harremanetan jarri direla jakinarazi zuen, baina orain arte izandako erantzunarekin kexu agertu zen: "Harremana eskatzen ari naiz, gure errelatoa ez duzue inoiz entzun. Oso baztertuta sentitzen gara. Kasu honekin inork ez du ezer jakin nahi".

Mozioaren testua

Hau da, osorik, martxoko udalbatzarrean onartutako mozioaren testua:

"1984ko martxoaren 22an lau pertsona hilik gertatu ziren Pasaian, Rafael Delas, Dionisio Aizpuru, Pedro Maria Isart eta Jose Maria Isidro Izura; beraz, tartean bi azpeitiar.

Gertaerek ikerketa judiziala ireki zuten; izan ere, gorpuek 113 bala zituzten. Lekukoek, tiroen gertutasunak, Paco Etxeberria auzi-medikoaren informeak... bertsio ofiziala zalantzan jartzen zuten.

Azpeitiko Udalak 2001. urtetik prozesu judizialean parte hartzen du akusazio gisa. Ordutik, gertaerak argitzeko eta ardurak zehazteko eskatzen ari da. Gertaerak argitzea ezinbestekoa da, ezin da onartu inori horrelakorik berriro gertatzea.

Auzian hainbat froga bide egiteko eskatu dira, baina instrukzio epaitegiak kasua artxibatzea erabaki du, aurrez ere egin duen moduan. 2016ko otsailaren 3ko erabaki horren aurka helegitea jarrita dago. Hala ere, auzia artxibatuko denaren ustea dago.

Udalari, kasuan parte hartzen jarraitzeaz gain, hildakoen senide eta lagunek ondokoa eskatzen diogu:

  1. Gure senide eta lagunei gertatu zaiena ezagutzeko eskubidea defendatzeko. Guk ere, beste guztiek bezala, egia jakiteko eskubidea dugula defendatzea. Eta, beraz, auzia ez artxibatzeko eskatzea.
  2. Oinarrizko giza eskubidea den egia hori ezagutzeko bidean laguntza eta babesa ematen jarraitzea. Auzia ez artxibatzeko eta egia jakiteko eskubidearen gure ekimenei babesa ematea".