Otsailaren 27an izango da VII. Gau-Txori Argazki Rallya

Iazko argazki rallyko bilduma irabazleko irudi bat

Otsailaren 25era bitartean eman daiteke izena gauez egin ohi den argazki rallyan parte hartzeko, argazkiakaae@hotmail.com helbidera idatzita. 

Gau-Txori Argazki Rallyaren zazpigarren edizioaren data eta oinarriak jakinarazi ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE). Aurtengoan otsailaren 27an, zapatua, izango da gauez egin ohi den rallya.

Izen-emate epea zabalik da dagoeneko eta parte hartu nahi dutenek otsailaren 25a, osteguna, baino lehen eman beharko dute izena internet bidez, argazkiakaae@hotmail.com helbidera idatzita. Izen-ematea 7 euro oraindu beharko da. Afaria ere egitekoak dira eta animatzen denak 20 euro ordaindu beharko du. Izena ematea nahiz afaria egunean bertan ordaindu beharko dira, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1, 1o, Telefonicaren eraikin zaharrean), 19:00tatik 20:00etara bitartean.

Parte hartzaile bakoitzak bere memoria-txartela eraman beharko du, hutsik. Argazki guztiak Azpeitian atera beharko dira, koloreetan edota txuri beltzean. Rallya 02:00etan amaituko da eta orduan hustu beharko dituzte txartelak parte hartzaileek AAEren egoitzan. Guztira, 36 argazki aukeratu ahal izango dituzte eta argazkiak ezingo dira manipulatu. Berezkotasuna, sormena eta teknika izango ditu kontuan epaimahaiak argazkiak puntuatzerako orduan. 

Martxoaren 6a baino lehen, partehartzaileek gai bakoitzeko argazki bat aukeratu beharko dute eta argazkiakaae@hotmail.com helbidera bidali beharko dute, partaide zenbakia eta gai bakoitzerako hautatzen den argazkiaren zenbakia adieraziz.

Sariei dagokionez, argazki bilduma onena osatzen duenak 150 euro eta garaikurra eskuratuko ditu. Bigarren sailkatuak, 100 euro eta garaikurra, eta hirugarren sailkatuak 70 euro eta garaikurra. Laugarren sailkatzen denak, aldiz, garaikurra eskuratuko du. 

Saritutako argazkiak AAEren esku geldituko dira eta modu horretan iruditzen zaion moduan erabili ahal izango ditu, egilearen izena aipatuz, beti ere.

Bestalde, VII. Gau-Txori Rallya Herriz Herri txapelketarako puntuagarria izango da.