Imanol Lazkano: "Ligatze mundurako goizegi jaio ginen"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2016ko urt. 25a, 18:10
Imanol Lazkano. (Argia)

Plax! sexu eta bikote aholkularitzako Edurne Mendizabalek eta Haizea Egigurenek tartea estreinatu dute urtarrileko Uztarria aldizkarian. Sexualitatearen gaineko galderak egingo dizkiete iritzi ataleko tarte horretan hainbat azpeitiarri. Imanol Lazkano bertsolaria izan da erantzuten aurrena.

Ez du ahoan bizar handirik Imanol Lazkanok. Solasaldi polita izan dugu berarekin.

Bertsolariok beti izan duzue ligoi fama...

Bai, fama gehiago. Elizak dominatzen gintuen garaikoak gara. Ligatze mundurako goizegi jaio ginen. Azkenengo tontoak, gu!

Lotsagabetu edo lotsagorritu?

Lotsagarri izateko beldurrak askotan lotsagorritu.

Kalabazak nola ematen dira?

Ematen ez nuen ikasi. Hartu gehiago, eman baino.

Nor musukatuko zenuke gustura?

Momentuan gustura sentitzen naizen edozein.

Nola konkistatzen da Imanol Lazkano?

Gertutasunean, naturaltasunean, garbi jokatuz.

Desioaren etsaia da...

Konfiantza falta.

Handiegia al da ohea bakarrik zaudenean?

Ohea bakarrik ez, gaua ere bai.

Noiz hasten da eta noiz bukatzen?

Hasi, lehenengo begirada samurretik; bukaera zenbat eta beranduago, hobe.

Bertso mundua eta sexualitatea lotzen dituen anekdotarik bai?

Bertsolaritzari eskertzen dizkiot emandako eta sortutako harremanak, baina sexu kontutan anekdotarik ez dut. Guk sexua mingaina astinduz.

Objektu erotikoren bat?

Kar, kar, kar. Erotikotik baino erotik gehiago dugu guk.

Txoko erotiko bat?

Txokoak egiten du hori.

Jaki estimulagarri bat?

Gerra ondorengoak garenok, orduko urritasunari esker, jaki asko ditugu estimulagarri. Ez nuke bat esaten jakingo.

Zer da Imanolentzat sexualitatea...

Maitale bezala
maitatua izatea
maitasun batek berez
hori du atea
bestela zail da sortzen
zorion betea.