Gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, joan den asteko labankadaren egilea delakoan

Uztarria.eus 2016ko urt. 11a, 16:47

Atxilotua 33 urtekoa da eta, ertzainek emandako informazioaren arabera, delitu-aurrekariak ditu. Ostiral arratsaldean atxilotu zuten.

Joan den ostegunean, urtarrilak 7, Iñaki Azpiazu kalean gizon bati labankada ematea egotzita beste gizonezko bat atxilotu duela jakinarazi du gaur, astelehena, Ertzaintzak, prentsa ohar bidez. Ostiral arratsaldean atxilotu zuten ustezko erasotzailea. 33 urte eta delitu-aurrekariak ditu, Ertzaintzak emandako informazioaren arabera. Ez dute zehaztu non atxilotu zuten.

Ostegun gauean, sabel aldean labanaz zauritu zuten gizon bat Iñaki Azpiazu kalean. Abisua jasota bertaratu ziren ertzainek eta osasun zerbitzuek lurrean topatu zuten gizonezkoa eta, zauria larria zela ikusita, Donostia Ospitalera eraman zuten. Zauritutako gizonaren egoeraren berririk ez dute eman ertzainek gaurko oharrean. Azaldu dute, hori bai, labankada jaso zuen gizonak zauria jasan aurretik beste hiru lagunekin sesioa izan zuela, eta liskarrean ari zirela sartu ziotela labana.