Gora zuek!

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2015ko abe. 3a, 16:53

Zortekoa naiz. Ia bizitza osoa daramat euskaraz lan egiten eta bizitzen. Zortekoa naizela konturatzen naiz gazteleraz hitz egitera behartuta nagoenean. Arrotz aritzen naiz orduan, espainol txukunez, baina arrotz. Diferentzia ederra, euskarara bueltatzerakoan.

Herrian ez dira arrotz aritzen diren euskaldun asko. Horretan ere zortekoak gu, eta aldi berean, haien hizkuntzan eroso dabilen ez-euskaldun asko dugu. Hauek jakin badakite Euskal Herrian daudela, Azpeitian, eta hauenganako enpatia sortzeko jakinarazi behar diegu, baietz, guretarrak direla, baina guretarrago egiteko, arrotz jarraitzen ez izateko aukera bikaina dutela euskaldun bihurtuz gero.

Horrela egin zutelako bertako arrotz askok, horrela egin zutelako kanpotik migratutako jende askok. Euskaldun berri dira orain, euskaldunak. Zortekoak. Ni bezala. Eta miresten ditut horregatik. Urteak egin dituzte batzuk euskaltegian, AEKn edo mintzapraktikatan, lanetik irten eta pote batzuk hartu beharrean nor-nori-norkeko taulekin bueltaka, ilunabarra iritsi eta euskara ikastera, eta kalera irten eta gurekin deseroso, euskaraz aritzeko lotsatuta. Eta guk gazteleraz beraiekin, laguntzen genielakoan. Askatu arte. Eta horrela askeago.

Meritua dute euskaldun hauek, gehienek guraso erdaldunak dituzten azpeitiar hauek. Ni zorteko sentiarazi nauzuelako, euskaldun egin zaretelako, gutarrak egin zaretelako. Nire miresmena eta eskertzea duzue. Gora zuek!